Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Luzerna

(Al. Luzern; Fr. Lucerne). Suitzako erdialdeko hiria eta izen bereko kantonamenduko hiriburua, Luzernako edo Lau Kantonamenduetako aintziraren ipar-mendebalean, Reuss ibaiaren ertzean. 62.000 biztanle. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (barazkiak, fruitu arbolak, bazkarako landareak, behi azienda), industria (janari industria, ehungintza, kimika industria, tabakogintza) eta turismoa dira. Burdinbidegune garrantzitsua. Reuss ibaiak bitan zatitzen du hiria. Erdi Aroko monumentu ugari gorde ditu parte zaharrak. Aipagarri dira, besteak beste, XIV eta XV. mendeetako bi zubiak, XIV. mendeko harresiak, XVII. mendeko udaletxea, San Pedro kapera (XII-XVIII. m.), XVIII. mendeko Hofkirche edo katedrala eta kolegiata, XIV. mendeko frantziskotarren eliza, jesuitena (XVII. m.) eta XVII-XVIII. mendeetako etxe eta jauregiak.  v  Historia. Egungo katedralaren inguruan VIII. mendean eraiki zen abatetxe beneditarraren inguruan sortu zen Luzernako hiria. Habsburgoko Rodolfo I.ak bere mende hartu zuen 1332. urtean. Urte berean batu egin zen Schwyz, Uri eta Unterwald-eko kantonamenduekin, austriar mendekotasunaren aurka borrokatzeko eta Luzernaren askatasuna lortu zuten Sempach-eko (1386) garaipenari esker. Erreforma garaian Eliza katolikoari leial jarraitu zuen, eta erlijio gerretan parte hartu zuen. 1798an frantses gudarosteak inbaditu zuen Luzerna. Suitzako hiriburua ere izan zen denbora epe labur batez (1798-1803).