Luzaide
Nafarroako udalerria (Zangozako merindadea). Luzaide-Valcarlos du izen ofiziala. 1999ko datuen arabera, 469 biztanle ditu (luzaidarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Auzo nagusiak: Azoleta, Gaindola, Gañekoleta eta Pekotxeta. Luzaide errekak hegoalde iparralde igarotzen du udalerria. Oso eskualde menditsuan dago Luzaideko herria: Astobizkar (1.506 m), Menditxipi (1.381 m), Txangoa (1.471 m). Euskara, behe-nafarrera; euskaldunak, % 60. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (artoa, patata, bazkarako landareak, behi, zerri eta ardi azienda; langileen % 51) eta zerbitzuak (turismorako azpiegiturak; beharginen % 39) dira. Gaztagintza. Aipagarria da XVIII. mendearen bukaerako Santiago Apostuluaren parrokia eliza. v Historia. Luzaideko udalerriko eremuan dago Ibañetako igarobidea. Bertan garaitu zuten euskaldunek Karlomagno 778. urtean.