Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

luteranismo

iz. Luteroren printzipioetan oinarritua den erlijio doktrina; delako doktrinaren jarraitzaile den kristau erlijioaren adarra.  v  Historia eta erakundeak. XVI. mendearen erdirako Alemaniako printzeek erreformaren aldeko jarrera zuten, eta luteranismoa sendo errotua zen Alemaniako ipar eta erdialdean; ipar Alsazian, Eskandinavian ere hedatua zegoen. Hogeita Hamar Urteko Gerran (1648) alemaniar printzeek Eliza berriaren buru gisa jardun zuten Ebanjelio Elkarteko izenekoaren barrenean. XVII. mendean formalismoa eta eskolastika antzuak nagusi baziren ere, mendearen bigarren erdian, norberaren zintzotasuna diziplinaren gainetik jartzen zuen pietismo deituriko higikundeak sakon astindu zuen luteranismoa. 1817an, pietismoaren joera liberalek bultzatuta, Frederiko Gilen III.a Prusiako erregeak eliza luterotarra eta eliza erreformatua batu zituen eta Prusiako estatu-eliza sortu zuen. Harrezkero, Biblian oinarrituriko berrikuntza ezagutu zuen luteranismoak. Halaber, XIX. eta XX. mendeetan germaniar eta eskandinaviar herrietatik Ipar Amerikara iritsitako etorkin oldeek beren herriko eta elizako ezaugarriak gorde zituzten. XIX. mendearen bukaeratik, mundu osoko eliza luterotarrak biltzen hasi ziren. Hala, 1923an Munduko I. Konferentzia Luterotarra egin zen eta haren ondoren, Kopenageko (1929) eta Parisko (1935) batzarrak egin ziren. 1947an garrantzi handiko urratsa eman zuten batasunaren bidean, Elizen Batzorde Ekumenikoko kide den Munduko Federazio Luterotarra sortu baitzen Lunden (Suedia). Federazio hori bost urtez behin biltzen da, beraren eginkizun nagusia elizen arteko harremanak sakontzea eta elkarri laguntzea delarik. Sinodoak eta konferentziak garrantzitsuak dira eliza luterotarren antolamenduan baina eliza bakoitzak erabakitzen du horiekiko harremanak nolakoak izango diren. Nolanahi ere, eliza horiek antolakuntzak baino areago dotrinak batzen ditu. Mundu osoko luterotarrak 80 milioi inguru dira guztira (kopuru horren erdia alemaniarrak dira) eta haietatik 56 milioi Munduko Federazioaren barne daude.