Lusinchi, Jaime
Venezuelar politikaria eta medikua, Venezuelako presidentea 1984-1989 urteen bitartean (Clarines, 1924). Alderdi Demokratiko Nazionala (1939) ezkutuko alderdiko kide izan zen eta baita Akzio Demokratikokoa ere, sortu zenetik bertatik. 1948an epaitegi militar batek Rómulo Gallegos kargutik kendu zuenean, ezkutuko ekintzetan parte hartu zuen eta Resistencia aldizkarian idazten hasi zen. Hainbat kargu bete zituen bere alderdian, eta horren ondorioz Venezuelatik bota zuten (1953). Diputatu hautatu zuten, eta laugarren aldia egin ondoren senatari (1978). 1981. urteaz geroztik, Akzio Demokratiko alderdiko idazkari orokor izendatu zuten, eta 1982an errepublikako lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkeztu zen. Garaile irten zen, eta 1984an hasi zuen agintaldia. Garai horretan krisi ekonomiko latza zegoen Venezuelan petrolioaren prezioen jaitsierak eraginda. Lusinchik gizarte hitzarmen bat jarri zuen abian, zorroztasun neurri latzak ekarri zituena. 1986. urtetik aurrera langileak kalera irten ziren eta gorabehera handiak izan ziren. Hala eta guztiz ere, bere alderdiak 1988an berriz ere hauteskundeak irabazi zituen. 1989an Carlos Andrés Pérez-ek hartu zuen Lusinchiren lekua.
- Lusa
- Lusaka
- lusakar
- Lusarreta
- Lusazia
- Lusinchi, Jaime
- Lusitania
- lusitaniar
- Lussa, Domingo de
- lustre
- lusuil