lurrikara
iz. Lurrazalaren higidura edo astinaldi nabaria. v Lurrikarak litosferaren barnean sortzen dira; dardararen sorguneari hipozentro deritza eta abiapuntu horretatik hedatzen da uhin zentrokideen bidez. Hipozentroaren bertikalean dagoen lur gaineko puntuari epizentro deritza. Hipozentroa aurkitzen den sakontasunaren arabera, hiru eratako lurrikarak dira: azalekoak (hipozentroa 0-70 km bitartean dutenak); bitartekoak (70-300 km bitartean); sakonak (300-700 km bitartean). Lurrikarak litosferako plaken higiduraren eta elkarren arteko eraginen ondorio dira; hala, lurrikaren ikerketaz diharduen sismologiak plaken tektonikari buruzko datu guztiz jakingarriak ekarri ditu. v Lurrikaren neurketa. Lurrikara bat denean hipozentroan askatzen den energia neurtzen da (Richter eskala, 10). Lurrikarak topografian eta eraikuntzetan eragindako ondorioak neurtzeko erabiltzen da intentsitatea (Mercalliren eskala, 12 gradu). Intentsitate handieneko balioak epizentroak ematen ditu, eta handik urrundu ahala jaitsi egiten dira; orobat, lurrikararen intentsitatea indarraren eta hipozentroaren sakoneraren araberakoa izango da. Indar bereko lurrikaretan, hipozentroa zenbat eta azalagokoa izan, lurrikarak are eta intentsitate handiagoa izango du. v Lurrikarak munduan. Urtean 80.000 lurrikara inguru gertatzen dira Lur osoan zehar, nahiz eta horietako asko sismografoen bidez soilik antzematen diren. Lurrikara handien aurretik dardara txikiagoak gertatu ohi dira, baita beste halako batzuk ere dardara nagusiaren ondoren; modu horretara, garrantzizko lurrikaretan lurrazaleraren egonkortasun falta zenbait egunez luza daiteke. Lurreko zenbait alderdik lurrikara gehiago jasaten dute, baina galerarik handienak leku jendetsuetan gertatzen dira. Hala, munduko jarduera sismikoen parterik handiena plaka tektonikoen ertzetan gertatzen da, Ozeano Bareko plakaren ertzetan bereziki, baina giza galerarik handienak dakartzatenak Mediterraneoko arroan, Ekialde Hurbilean, Indian, Ekialde Urrunean eta Ameriketako mendebaleko kostaldean gertatzen dira.