Lumet, Sidney
Estatubatuar zinema antzezlea, zuzendaria eta gidoigilea (Filadelfia, 1924). Lau urte zituela New York-eko Yiddish Art Theatre-n egin zuen debuta. Literatura ikasi zuen Columbiako Unibertsitatean, eta ondoren Actor's Studio-ra joan zen. Broadwayeko antzokietan eta irrati saioetan parte hartu zuen, eta berehala egin zen ospetsu zinema zuzendari gisa Errukirik gabeko hamabi gizon (1957) filmari esker. Aktoreak zuzentzeko erakutsi zuen maisutasuna dela-eta, garrantzi handiko lanak zuzendu zituen, hala nola Suge azala (1960) eta Egun luzea gaua arte (1962). Arrakasta handia izan zuen, bestalde, Mailegu emailea (1965), Hilketa Orient Expressen (1974) eta Zoritxarreko arratsaldea (1975) lanekin. 1976an Mundu zorrotz bat filma zuzendu zuen. Azken aldian egin dituen lanean artean aipatzekoa da 34. distritoa: erabateko ustelkeria (1990).