Loroño Elgezabal, Jesus Maria
Bizkaitar musikagilea eta musika irakaslea (Larrabetzu, 1929 - Bilbo, 2008). Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga kontserbatorioan egin zituen musika ikasketak. Ezaguna egin zen gaztetan eskusoinu-jotzaile gisa eta Euskal Herri osoko lehiaketetan sariak irabazia da. 1963. urtean Bilboko Eskusoinu Orkestra sortu zuen eta hiru urte geroago Bizkaiko Eskusoinu Elkartea. Ehundik gora kontzertu eskaini ditu bere orkestrarekin. Musikagintzan ere aritua da; haren musika lan asko euskal folklorean oinarritzen dira. Besteak beste aipagarriak dira: Amairan biribilketa; Euzko-Eresiak, kontzerturako suitea; Azke-dantza eta Dantza-zarrak, fandangoak; Arratsaldean, arin-arina eskusoinurako; Euzko-Erai, eskusoinu bakarrerako eta orkestrarako euskal suitea; Sokoa martxa eskusoinu orkestrarako.