Lonbardia
Italiako iparraldeko lurraldea, Alpe mendien oinetan. Mugak: iparraldean Suitzako Alpeak; ekialdean Mincio ibaia eta Garde aintzira (Trentino-Alto Adige eta Veneto); mendebalean Maggiore aintzira eta Sesia ibaia (Piemonte), eta hegoaldean Po ibaia (Emilia-Romagna). 23.856 km2 eta 8.894.236 biztanle (1983). Italiako lurralderik jendetsuena da Lonbardia (Italiako biztanleriaren % 16 bizi da bertan), Italia guztiko lurraldearen % 7,9 baizik hartzen ez duen arren. Hiriburua: Milan. Hiri nagusiak: Bergamo, Brescia, Como, Cremona, Legnano, Mantua, Milan, Monza, Sirmiona, Sondrio eta Varese. Bederatzi herrialde ditu: Bergamo, Brescia, Como, Cremona, Mantua, Milan, Pavia, Sondrio eta Varese. v Orografia. Bi eskualde nagusi bereizten dira Lonbardian. Iparraldea oso menditsua da (Alpe mendiak, Ortler eta Adamelloko mendiakateak) eta bertan dago Lonbardiako gailur garaiena, Bernina (4.052 m). Glaziarren higadurek haranak (Valteline) eta aintzirak (Iseo eta Come, Maggiore, Lugano, Garda) sortu zituzten eremu honetan. Hegoalderago dauden mendi apalagoek (Brescia eta Bergamo inguruan) iparraldeko mendiak eta hegoaldeko ordoki emankor eta oparoa bereizten dituzte. Adda, Adige, Mincio, Oglio, Po, Sesia eta Ticino dira Lonbardiako lurraldea zeharkatzen duten ibai nagusiak. v Ekonomia. Italiako lurralderik oparoena da Lonbardia, bai industriari, bai merkataritzari eta baita nekazaritzari dagokionez ere. Italiako iparraldeko Genova, Turin eta Milango hiriek eratzen duten industria eremuaren parte bat hartzen du; metalurgia, automobilgintza, makineria, ehungintza, janari industria, kimika eta altzarigintza dira industria nagusiak. Oso garrantzizkoa da, orobat, bertako haranetako zentral hidroelektrikoek sortzen duten indarra. Lonbardiako lurra emankorra eta oparoa izaki oso garatua dago nekazaritza: garia, garagarra, arroza, artoa, azukre kanabera, barazkiak eta fruitu arbolak behe lurretan eta olibondoa, mahatsa eta abere hazkuntza, eremu garaietan. Turismorako azpiegitura handiak (negu kiroletarakoak batik bat) daude iparraldean, mendialdean. v Historia. K.a. III. mendetik aurrera herri galiarrek eta, ondoren, erromatarrek okupatu zuten egungo Lonbardiako lurraldea. 568-572. urteetan lonbardiar germaniarrek konkistatu eta bertan egokitu zuten Lonbardiako erresuma. 774an Karlomagnok konkistatu zuen eta Italiako erresumako lurralde bihurtu zen 843an. 951n Oton I.a Handia Germaniako enperadorea jabetu zen lurraldeaz, eta 1176an bertako hiri nagusiek (Milan, Pavia, Cremona…), Lonbardiako Ligan bateraturik, Frederiko I.a Bizargorria menderatu zuten. XIV. mendean, Veneziako eta Milango hirien artean banatu zen Lonbardiako lurraldea. Frantziako eta Austriako koroen pean egon zen Milanaldea luzaroan eta 1535ean Karlos V.a enperadorearen esku gelditu zen. 1556an Espainiako koroaren mendean geratu zen, eta 1714an Austriakoarenean. Frantses inperioaren garaian, Alpeen honaindiko errepublika osatu zuten Lonbardian 1797an eta Italiako erresumaren barnean geratu zen 1805ean. Napoleonen ondoren, Austriako inperioko lurralde bihurtu zen (Lonbardia eta Veneziako erresuma, 1815-1859) eta 1859an Italiako erresumaren barnean geratu zen.