Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

lokomotiba

iz. Teknol. Gurpil gaineko tren-makina, motor baten bidez mugitzen dena eta trenaren bagoiak atzetik daramatzana. Motor mota zeinnahi delarik ere, lokomotiba ororen ezaugarria da berezko pisu handia, pisu horri esker lortzen baitu bagoiak garraiatzea, gurpilen eta burdinbidearen arteko itsaste-koefizientea oso txikia izanagatik ere. Lokomotiba nagusiak, motor motaren arabera, hauek dira: lurrunezkoa, elektrikoa eta Diesel motorrekoa.  v  Lokomotibaren historia. Richard Trevithick ingelesak, 1803an, lurrunez mugitutako ibilgailuez beste zenbait ingeniari (D. Robinson, N. Cugnot, O. Evans, Vivian, etab.) egindako ikerketez baliatuz, meatzetako burdinbideetan ibiltzeko egokitutako lehen lokomotiba asmatu zuen. Gurpilen eta burdinbidearen arteko itsaste-koefiziente txikiegiak zekarren arazoa gainditzeko, John Blenkinsop–ek, 1811n, kremailera sistema batez ibiltzeko egokitutako lokomotiba asmatu zuen. George Stephenson ingelesak, 1814an, erabateko itsaste sistema lortu zuen, kremailerarik gabe, bi ardatzak kateez eta gurpil horzdunez elkar lotuz. Stephenson–ek berak, 1829an, eta M. Seguin–ek asmatutako hodi-labea erabiliz, Rocket izeneko lokomotiba asmatu zuen, lurrun-lokomotiba baten osagai guztiak zituen lehenbiziko tren-makina.  v  Lurrun–lokomotiba. Lurrunaren presioaren bidez dabilena. Bi zati nagusi ditu: labea (presio handiko lurruna sortzen duena); eta lurrun–makina edo motorra (lurrunaren energia, enbolo baten bidez, energia mekaniko bihurtzen duena eta, biela sistema batez, mugimendua gurpilen ardatzetara pasatzen duena).  v  Lokomotiba elektrikoa. Argindarrezko motor fase bakarrezkoz edo hirukoz lan egiten duena. Hiru faseko motorrek gutxiago irauten dutenez (20 urte inguru), fase bakarrekoak erabiliagoak dira gaur egun.  v  Diesel lokomotiba. Erabateko autonomia du, berak sorrarazten baitu behar duen energia, lau alditako Diesel motor baten bidez. Diesel lokomotibak etekin handiko tren-makinak dira, potentzia/pisu erlazioa oso handia baitute (30–35 zaldi potentzia tona bakoitzeko).