Liscano Velutini, Juan
Venezuelar idazlea (Caracas, 1915 – Caracas, 2001). Poesia nahiz saiakera lanak idazten ditu, baina horrez gainera, publizista, argitaratzaile eta literatura kritikari gisa ere lan egin izan du. Caracasen ez ezik, Frantzia, Belgika eta Suitzan ere ikasi zuen. Kazetaritza lanak egiten hasi zen Revista de la Federación de Estudiantes de Venezuela aldizkarirako, eta 1938an bere aldizkaria sortu zuen, Cubagua. 1944an, Suma aldizkaria sortu zuen. Azken hori oinarri hartuta, argitaletxea eta liburu denda sortu zituen, eta bertako zuzendaria izan zen. 1946an Folklorearen Ikerkuntzarako Zerbitzua sortu zuen. Bere herrialdeko gorabehera politikoek eraginda, alde egin behar izan zuen, baina giroa lasaitu zenean, itzuli eta Zona Franca izeneko aldizkaria sortu zuen 1968an. Lehen poesia lana, 8 poema, 1939an argitaratu zuen. Harrezkero poesia hauek kaleratu ditu, besteak beste: Humano Destino (1949), Nuevo Mundo Orinoco (1959), Nombrar contra el tiempo (1968), Rayo que al alcanzarme (1978), Descripciones (1983), Fundaciones, vencimientos y contiendas (1991), Antología poética (1993). Saiakera aipagarrienen artean ditu: Rómulo Gallegos y su tiempo (1961) eta El horror por la historia (1980). Literatura kritikari gisa ere hainbat lan argitaratu zituen: Caminos de la prosa (1953), Espiritualidad y literatura (1976) eta Lecturas de poetas y poesía (1985).
- lisatu, lisa, lisatzen
- lisatzaile
- lisatze
- Lisboa
- lisboar
- Liscano Velutini, Juan
- lisentzefalo
- lisergiko
- lisi
- Lisias
- Lisichansk