Lisboa
Portugalgo hego-mendebaleko hiria eta portua, Portugalgo hiriburua, Ozeano Atlantikoaren ertzean, Tajo ibaiaren bokalean (Mar da Palha). Europako mendebaleneko lur-muturrean dago. 829.600 biztanle. Lisboako eskualdeko hiri nagusia (2.761 km2 eta 2.200.000 biztanle) eta Portugalgo lehen itsas portua da. Urtean batez besteko tenperatura 17 °C-koa da eta 686 mm euri izaten da. Lisboa aldea da Portugalgo merkataritza, industria eta kulturagune nagusia. Bertako portutik bideratzen da Portugalgo itsas merkataritza gehiena (ardoa, kortxoa, erretxina, arrain kontserbak, Afrikara eta Hego Amerikara gehiena; 12 milioi t’erdi tona 1986an) eta bertan jasotzen da Portugalek inportatzen dituen lehen gai asko. Industria Tajo ibaiaren hegoaldean dago batez ere (Barreiro, Alhandra, Cavo Ruivo, Seixal): kimika eta petrokimika industria, mekanika, ontziolak, ehungintza eta janari industria. Portugalgo kultura hiri nagusia: unibertsitatea, liburutegiak, museoak. Cidade Baixa (“Beheko Hiria”) izeneko aldea ia osorik eraiki zuten 1755eko lurrikararen ondoren; Bairro Alto (“Goiko Auzoa”) izeneko aldean kontserbatu dira arabiarren garaiko eta Erdi Aroko harresi-atal batzuk (Alfama, Mouraia). Monumentu aipagarri asko ditu Lisboako hiriak: XII. mendeko katedrala (Sé Patriarcal), Belemgo dorrea (XVI. m.), Carmo eliza (XIV. m. Karmeloko eliza, 1755eko lurrikararen ondoren bere horretan utzia), São Jorge gaztelua, São Roque eliza eta Jeronimotarren monasterioa (Belem, XVI. m.). Lisboako hirialde ugari daude mendien mazeletan eraikiak eta hiriaren gaineko ikuspegi eder askoak eskaintzen dituzten miradouro edo talaia ugari daude inguruetan. v Historia. Feniziarrek sortu zuten Lisboako hiria K.a. 1200. urte aldera. Olisipo hiriaren izen zaharrak alis ubbo («portutxo zoragarria») esapide feniziarra izan dezake jatorri. Odiseako Uliseren aztarnak ikusi nahi izan dituzte beste batzuek izen horretan. K.a. 205ean erromatarrak jarri ziren Lisboan eta bertan egon ziren 409. arte (Felicitas Julia izena eman zion Julio Zesarrek). Alanoak, sueboak eta bisigodoak egon ziren ondoren eta VIII. mendean mairu musulmanen eskuetara igaro zen (714). Normandiarren (844) eta Alfontso VI. Gaztelako eta Leongo erregearen (1093) erasoari aurre egin behar izan zion hurrengo mendeetan. Alfontso I.a Portugalgo lehen erregeak 1147an konkistatu ondoren herrialde hartako hiri bihurtu zuen betiko. 1256an Portugalgo hiriburu bihurtu zen eta erregeen egoitza hiria izan zen aurrerantzean, Coimbraren ordez. XV-XVI. mendeetan ezagutu zuen Lisboak bere gorena, Europako kolonia-portu nagusia baitzen. Manuel I.aren erreinaldian (1495-1521) guztiz edertu zen hiria (Belemgo Dorrea eta Jeronimotarren monasterioa). Joan III.a Elizkoiaren agintaldian (1521-1557) Kontraerreforma nagusitu zen Lisboan (Inkisizioa eta jesuitak tarteko). Espainiar gudarostearen okupazioarekin batean (1580-1640) hasi zen Lisboako hiri distiratsu haren gainbehera. Ingalaterrako gudarosteak hartu zuen parte gatazka horretan (1654), eta 1668an Lisboan izenpetu zuen Espainiako erregeak Portugalen burujabetasuna berresten zuen ituna. Britainiarren eragina nabarmena izan zen handik aurrera Lisboan eta Portugal osoan. 1755eko Domusantu egunez, lurrikara izugarri batek jo zuen Lisboa bete-betean; 40 minutuko tartean bi aldiz jo zuen dardarak, eliza guztiak lur jo zuten, eta Tajo ibaiko urak hartu zuen hiri guztia. Hogeita hamar milatik gora lagun eta bederatzi mila etxe inguru galdu ziren. XIX. mendearen hasieran, britainiarrek eta frantsesek hartu nahi zuten Lisboa eta gorabehera handien artean igaro ziren urteak (1807an frantsesek okupatu zuten eta ondoko urtean sartu ziren ingelesak berriro). Handituz joan zen, nolanahi ere, eta 1885erako 1785eko biztanle kopurua bikoiztu egin zen. 1880an zabaldu zen Avenida da Libertade Lisboa berriko bide-ardatz nagusia, 1901ean hasi zen argindarra Lisboako bazter guztietara zabaltzen eta garai honetan berean atondu zen ura hornitzeko hoditeria berria Alvielatik. XX. mendean asko hazi da Lisboako hiria. 1911. urtean sortu zen Lisboako unibertsitate modernoa. Bigarren Mundu Gerraren garaian berrehun mila iheslari jaso zituen, baina luzaroan egon zen, Portugal guztia bezala, Antonio Salazar diktadorearen oinpean (1932-1968). 1966an zabaldu zen Salazar (apirilaren 25ekoa gaurko egunean) zubia. 1974an amaitu zen diktadura eta Portugal berriko hiriburu gisa iraun zuen Lisboak. 1988an, su handi batek erre zuen Lisboako Cidade Baixako Chiado izeneko auzoan.