Limousin
Frantziako erdialdeko eskualdea, hiru departamenduk osatua: Corrèze, Creuse eta Haute-Vienne. Mugak: Centre-ko lurraldea iparraldean; Auverniako eskualdea, ekialdean; Akitania eta Midi-Pyrénées, hegoaldean, eta Poitou-Charentes, mendebalean. 16.900 km2 eta 738.700 biztanle. Hiriburua: Limoges. Hiri nagusiak: Brive-la-Gaillarde, Guéret eta Tulle. v Orografia eta klima. Massif Central mendien ondoko goi-ordokiak eta mendi apalak zabaltzen dira ekialdean (Gentoux, 950 m; Millevaches, 978 m, eta Monédières, 920 m) eta zabaldi apalagoak mendebalean. Hegoaldean daude lur beherenak (Brive, 142 m). Mendebalean arroila sakon bihurriak daude (Creuse, Vienne, Vézère et Corrèze). Klima Mediterraneo aldekoa da oro har: uda beroak eta negu freskoak. 700-1.000 mm euri izaten da urtean. v Ekonomia. Limoges-ko hiria da lurraldeko ekonomiagune nagusia. Ospe handiko portzelanarekin batera (azken hamarkadetan guztiz berritu dute Limogesko portzelanarako industria), industria tradizionalak bizirik dirau (larrukiak, papera, altzariak) eta industria berria sortu da azkenaldi honetan (metalgintza, industria elektrikoa, …). Limousin osoko industriaren erdia Limoges-ko hirian dago. Corrèzeko departamenduan Brive-la-Gaillarde da industria hiri nagusia, eta Creusekoan Guéret. Industria, beraz, bigarren mailakoa da oro har (% 30,6). Nekazaritza da nagusi Limousin-go lurraldean (% 33,6) eta abere hazkuntzak hartzen du jarduera guzti horien % 80 (behi eta ardi azienda). Gero eta garrantzitsuagoa da zerbitzuen alorra (% 35). v Historia. Historiaurreko garaietako giza arrastoak aurkitu dira Limousinen. Neolito Arotik aurrera bizigune egonkor ugari eratu ziren eta herri zeltak eta ligurrak izan ziren bertan. K.a. 51. urtean erromatarrek konkistatu zutenean galiarrak ziren nagusi. III. mendean hasi zen kristautzea Martzial santuaren eskutik. IV. mendearen bukaeratik aurrera bisigodoen mendean egon zen. VII. mendean Akitaniako dukeen eraginpeko lurralde bihurtu zen. XII. mendean, Eleonor Akitaniakoa Henrike II.a Ingalaterrako erregearekin ezkondu ondoren, Ingalaterrako koroari lotu zitzaion, eta Erdi Aro guztian Frantziako erresumaren eta Akitaniako lurren arteko muga zen. XVII. mendean Frantziako erresumako lurralde bihurtu zen eta Limoges-ko hiria bihurtu zen bertako hiriburu. Frantziako iraultzaren ondoren hiru departamendutan banatu zen Limousingo lurraldea: Corrèze, Creuze eta Haute-Vienne. XIX. mendean, hazkunde txiki bat izan zuen bertako biztanleriak burdinbideak zabaldu ondoren (900.000 biztanle 1861ean eta 986.000 1891n), baina hurrengo 70 urtean biztanleriaren laurdena galdu zuen.