liburu 1
iz. Idatziriko eta irakurtzeko prestaturiko orri multzo aski handiaren bilduma. || Liburu(-)denda. Liburuak saltzen direna. v Liburuek hiru ezaugarri nagusi dituzte: zerbait komunikatzeko eginak izatea, helburu hori lortzeko idazketa edo irudiak (marrazkiak, musikako notak, etab.) erabiltzea eta jendartean zabaltzeko argitaratuak izatea. v Gaur egungo liburua elkarri jositako orri multzoa da, baina historian zehar beste forma eta molde askotako liburuak izan dira. Sumerian buztineko xaflak, harria eta adreiluak erabili ziren, letra kuneiformez idatziak eta gero gogortuak. Egipton papirozko orrietan idazten ziren liburuak; ertz batetik bata besteari lotzen zitzaizkion eta zerrenda luzeak eratzen zituzten, baina liburu haiek ez ziren batere erosoak (37 m-ko papiro biribilduak aurkitu dira). Sumeriarrez eta egiptoarrez gainera, Txina izan zen liburuak egin zituen lehenengo herrietako bat. Ezagutzen den inprimatutako lehenengo liburua Txinan egina da, xilografia bidez. Txinako antzinako liburu gehienak alde bakarretik idatzitako paperezko bildukiak dira. Liburu modernoaren gisako liburu zaharrenetako bat, 949. urtekoa, Txinakoa da. Erromatarrek liburu mota berri bat asmatu zuten, pergaminozko orriz egina. Erromatarren caudez edo codex liburuek aurrerapen handia ekarri zuten: orriaren bi aldeetan idatz zitekeen, pergamino modura tolestua eta josia izaten zen, eta erosoagoa zen papiro orriz egindako bilduki luzez osatutako liber-a baino. Codex-ek edo kodizeek papiro orrizko liburuen tokia hartu zuten Erdi Aroan eta haiek izan ziren liburu modernoaren aitzindari nagusiak. Liburu modernoa, gaur egun gehien erabiltzen dena, inprimeria asmatu zenean sortu zen. Gaur egun fotomekanika, offset eta teknika elektronikoen bidez egiten dira liburuak. v Hilen liburua. Egiptoko hilobi eta piramideetan aurkitu ziren idatzien bilduma, zendu ondoren arimak hilen egoitzara iritsi eta 42 epaileen galderei erantzuteko beharrezkoak zituen otoitzek, formulek eta ereserkiek osatua. v Orduen liburua. Erdi Aroko otoitz liburua, Salmotegiko otoitz bilduma batek, penitentzia otoitzek, Ama Birjinaren otoitzek, hileta otoitzek, eta letaniek osatua.