Li Peng
Txinatar politikaria (Ch’eng-tu, Szechwan-go herrialdea, 1928). Txinako errepublikako Lehen Ministroa 1988tik aurrera. 1930ean Chiang Kai-shek-en nazionalistek hil zuten Li Shuo-hsun idazlearen semea da. Moskun ikasi zuen 1948-1955 urteetan eta handik aurrera Txinako politika proiektu nagusietan parte hartu zuen. 1979-1982 urteetan Industriako ministrorde eta ministro izan zen, 1982an Alderdi Komunistako zuzendaritzan sartu zen eta 1985ean Hezkuntzako ministro aukeratu zuten. Deng Xiaoping-ek egin zuen Lehen Ministro 1988an. Ekonomian merkatu askeko sistemarako hurbiltze prozesuaren aldeko izan da, eta barne arazoei begira zentralismoa eta kontrol estua erabili ditu. 1989ko maiatzean militarren aginpidea aldarrikatu zuen Txinako hiri nagusietan gobernuaren aurka matxinatu ziren ikasle manifestarien aurka eta urte bereko ekainean ikasleen mugimendua zapal zezan baimena eman zion Txinako gudarosteari. Ehunka manifestari hil zituen Txinako gudarosteak Pekinen ekaineko egun horietan.