Levertov, Denise
Estatubatuar olerkari eta idazlea (Ilford, Ingalaterra, 1923 - Seattle, Washington, 1997). Haurtzaroan hasi zen olerkiak idazten. 1946an argitaratu zuen lehen olerki liburua: Irudi bikoitza. 1948an Estatu Batuetara joan eta 1956an hango hiritartasuna hartu zuen. Estatu Batuetan Black Mountain College eskolako poesia esperimentalarekin harremanetan jarri eta W.C. Williamsen eguneroko bizitzarekin loturiko olerkigintzaren eragina izan zuen; Here and now (1957, Hemen eta orain) bigarren olerki liburuaren izenburuak argi eta garbi adierazten du eragin hori. Hurrengo olerki liburuetan, ordea, lortu zuen bere ahotsa aurkitzea: The Jacob’s ladder (1961, Jakoben eskailera) eta O taste and see! (1964, Dastatu eta ikusi!). Vietnamgo gerraren garaian, Levertov bakezaletasunaren alde murgildu zen buru-belarri, eta orduan idatzi zuen bere olerki liburu nagusia: Dantza goibela (1967). Geroztik, olerki liburuak idatzi eta itzuli, eta saiakera liburuak idazteaz gain, irakasle lanak ere egin zituen Stanford unibertsitatean (1981-94).