Lete Bergaretxe, Xabier
Gipuzkoar idazle eta kantaria (Oiartzun, 1944). Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen (1965), Mikel Laboarekin eta Lurdes Iriondorekin batera. Urte hartan bertan bere olerkiak kantatzen hasi zen plaza agerikoetan. Frantziako existentzialismoaren eragina antzematen zaio lehen urte haietan, Euskal Herriko egoerari lotua. Lehen poema liburua 1968an argitaratu zuen: Egunetik egunera orduen gurpillean. Urte berean lehen diskoa plazaratu zuen, Lurdes Iriondorekin batera: Errota zahar maitea. Gero etorri ziren Nafarroa arragoa, Kantatzera noazu eta Lore bat, zauri bat. 1970ean, Baga, biga, higa ikuskizunean parte hartu zuen, eta hainbat emanaldi eskaini zituen, beste taldekideekin batera. Handik bi urtera, ordea, taldea desegin egin zen, eta bakarrik hasi zen kantari. 1975etik 1978ra Antton Valverderekin elkartu zen, eta bertso zaharren bertsio berriekin bi disko atera zituzten. Ordurako, Bigarren poema liburua (1974) argitaratua zuen. 1977an, eta Eugenio Arozenarekin batera, Antzerkia deuseztik izatera izeneko obra argitaratu zuen; bertan dago Txirritaren astolasterra izeneko antzerki-lana. 1978an, agertokietatik aldendu eta kantagintzari utzi zion. 1981ean, Urrats desbideratuak izeneko poema liburua argitaratu zuen. Gero, sorkuntza-lana erabat utzita, Gipuzkoako Aldundiko Kultura sailean jardun zuen, Zuzendari Nagusi, lehenbizi (1983), eta Sailburu, gero (1985). Jardun politiko horren ondoren, kantagintzari ekin zion berriz, eta bi disko atera zituen: Eskeintza eta Hurbil iragana. Erialdi larri baten ondoren, 1992an Biziaren ikurrak izeneko poema bilduma barnerakoi eta transzendentziari buruzkoa argitaratu zuen. Urte horretan bertan, Euskaltzaindiak Zentzu Antzaldatuaren Poemategia argitaratu zion. 1996an hiru kantaldi eskain zituen, eta 1999an berriro agertu zen, Errenterian. Lehendik ere abesten zituen kantuekin batera, Carlos Gimenez musikariaren doinuz aurkeztutako testu berriak ere eskaini zituen kantaldi hartan, nahiz eta 1991etik aurrera abesti berri bakar bat sortu berak, oso harrera ona izan zuen Habanera, alegia. 2000. urtean, ETBn hamahiru ataletan banatutako saio bat aurkeztu zuen bertsolaritzaren historiari buruzkoa, garai guztietako bertso hautatuak kantatuz. 2006an bere abestien hitzez osatutako liburua argitaratu zuen, Abestitzak eta poema kantatuak, eta 2008an Egunsentiaren esku izoztuak, azken urteetako bizi-esperientzien inguruko poema liburua.
- lesya
- letagin
- Letamendia Belzunce, Francisco
- letania
- letaria
- Lete Bergaretxe, Xabier
- Lete Oregi, Juan Jose
- Lete
- Letea
- Leteo
- Leto