Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

legionarioaren gaixotasuna

Med. Pneumonia mota larria, buruko mina, bularraldeko mina, biriketan odola pilatzea eta sukar handia eragiten dituena. Eritasunaren agerraldi bat 1976ko uztailean, Filadelfiako hotel batean, Estatu Batuetako legioaren bilera batean gertatu zelako du horrela izena. Estatu Batuetako Eritasunen Kontrol Zentroak bakterio bat identifikatu zuen gero eritasunaren eragilea: Legionella pneumophila. Bakterioa ura kutsatuta zegoen lekuetan bakartu zen, edo aire egokituaren sistemetan, alga berde urdinxka batzuekin batera. Eritasuna ez da pertsonen artean kutsatzen. Legionarioaren eritasunaren agerraldi batzuetan erien % 10 ere hil izan da. Infekzioa izan arren, baina, batzuetan ez da sintomarik izaten, edo sukarra besterik ez, denbora gutxian. Legionella pneumophila-k "Pontiac sukarra" eragiten du batzuetan: sukarra, hotzikarak, ondoeza, buruko mina, eta giharretako mina eragiten dituen sindromea. Eritasunari aurre egiteko eritromizina antibiotikoa erabiltzen da.