Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

legio

(Lat. legio). iz. Antzinako Erroman, oinezko eta zaldizko soldaduek osaturiko armada taldea. Erromako errepublikak eta, geroago, inperioak legioetan oinarrituta osatu zuten armada. Arma astunez eta arinez hornituriko 6.000 oinezko soldaduk osatzen zuten legio bakoitza eta horiekin batera joaten ziren zaldizkoak; hamar cohorte edo sailetan banatzen zen legio bakoitza. Hogeita zortzi legio zeuden Erromako lehen inperioaren hasiera garaian (K.a. I. mendearen bukaera) eta gehiago osatu ziren ondoko urte eta mendeetan, herri barbaroen mehatxua areagotu zenean. Legio hitza berriro ere hasi zen erabiltzen XVIII. mendetik aurrera, gaur egun arte, armadako talde bereziak izendatzeko.  v  Ohorezko Legioaren Ordena. (Fr. Ordre De La Legion D’Honneur). Napoleon Bonapartek lehen kontsul zenean sortutako ordena (1802). Meritu militarrengatik eta zibilengatik onartzen dira kideak, eta askatasunaren eta berdintasunaren alde jokatuko direla zin egiten dute.