Leinsdorf, Erich
Estatubatuar orkestra zuzendaria, jatorriz austriarra (Viena, 1912 - Zurich, 1993). Bost urte zituela pianoa ikasten hasi zen, eta 1920. urtetik aurrera Paul Pisken emaztearekin lan egin zuen. Ondoren Paul Emerich-ekin (1923-1928) jarraitu zituen piano ikasketak eta Paul Amadeus Pisk-ekin konposizioa. Biolontxeloa ere landu zuen Lilly Kosz-ekin batera. 1930ean orkestra zuzendaritzako ikastaro bat egin zuen Salzburgon. 1931-1933 urteen bitartean Vienako musika akademian trebatu zen, eta 1933an akademia horretako orkestra zuzendu zuen. Handik urtebetera Salzburgoko Jaialdiko zuzendari laguntzaile izan zen. Ondoren, New Yorkeko Metropolitan operak laguntzaile gisa aritzeko eskatu zion eta 1938an Walkyria zuzendu zuen. Handik hilabetera opera hartako bigarren zuzendari izendatu zuten, eta 1939an alemaniar errepertorioko zuzendari hartu zuten. 1942an Estatu Batuetako hiritartasuna hartu zuen. 1943-1946 urteen bitartean Cleveland-eko orkestrako musika zuzendaria izan zen, eta 1947-1956 bitartean Rochester-eko orkestra filarmonikoko zuzendari. 1956an New Yorkeko operako zuzendari izan zen. Handik urtebetera Poulenc-en Karmeldarren elkarrizketa zuzendu zuen San Franciscoko operan. Bostongo Orkestra Sinfonikoaren zuzendari izan zen 1962-1969 urteen bitartean eta bitarte horretan zazpiehun kontzertutik gora eman zituen. Baina orkestraren administrazioarekin gorabeherak izan ondoren hiria utzi eta batetik bestera aritu zen. Hainbat bidaia egin zituen Europara, Bayreutheko Jaialdira batez ere; Vienako Orkestra Filarmonikoan eta Berlingo Orkestra Sinfonikoan ere aritu zen.
- leihatila
- leiho
- leinargi
- leinargitasun
- Leino, Eino
- Leinsdorf, Erich
- Leinster
- Leintz
- Leintz-Gatzaga
- leinu
- leinuru