Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

lege

iz. Gizarteko agintaritzak ezarritako arau edo arau multzo betebeharrezkoa. || Jainkoaren edo jainkoen borondatea adierazten duen araua. || Gizartearen harremanetan, jokoetan… kontuan izan behar diren arauak. || Gizakiari bere barneak agintzen dion araua. || Gizadiko gertaerak mendean dituen arau orokor eta aldagaitzen adierazpena. || Lege nagusi. Estatu bateko gobernu era mugatzen duen oinarrizko testua.  v  Historia. Antzinako legeen adibideak dira Babiloniakoa (Hammurabi-ren legedia), Indiakoa (Manu-rena) eta Palestinakoa (Moisesena). Erromako legeak lege publikoa (estatuarena) eta pribatua (pertsonen arteko eztabaidak erabakitzen zituena) bereizi zituen. Erromako legearen eragina nabarmena da Eliza Katolikoaren legedian eta feudalismoarenean; aldi berean gaur egungo lege zibilaren oinarria ere bada. Gizarteari buruzko ideia berriak ordea, bereziki estatu moldea egituratzeko erari zegozkionak, eta gaurko egitura politiko askoren oinarri ere izan direnak, Erreformarekin hasi ziren sartzen, gero eta indar gehiago hartzen ari zen burgesiaren artean gehienbat. Thomas Hobbes, John Locke, Charles-Louis de Montesquieu eta Jean-Jacques Rousseauk biribildu zituzten joera horien teoriak. Gizartearen goreneko egituran, estatuan, Ingalaterrako 1688ko iraultzarekin, AEBtako 1787koarekin eta Frantziako 1789-1791koarekin mamitu ziren lehendabizi, hortik sortu baitziren konstituzio baten arabera eratu ziren lehenengo estatuak. Geroagoko lege nagusietan Filadelfiako (AEB) 1787ko legenagusiak eta batez ere Frantziako 1791koak izan zuten eraginik handiena.  v  Zuzenbidea. Gizarte antolatu batean gizarteak berak onartu dituen ohituren, jardunen eta jokaeraren arauak dira legeak. Aginpideak indarra du bere esku lege horiek betearazteko. Gizartea bizitzako araua denez gero, legeak guztien onerako izan behar du, eta ezaugarri hauek ditu: betebeharrekoa izatea, aginduak baitira legeak eta ez legegilearen aholkuak; orokorra izatea, balizko egoera guztietarako erabilgarria izateko egina baitago; eta behar bezala sortua izatea, legeak berak eskatzen duen eran eta eskatzen dituen baldintzak beteaz.  v  Oinarri legea. Gorte Orokorrek onartutako araua, Gobernuari legeak egiteko ahalmena ematen diona, lege dekretuaren izaera duena eta arau nagusiaren hastapenak bete behar dituena.  v  Zerga lege orokorra. Zergen sistema osoa (zergen ezaugarriak, lege hausteak, zerga bilketak, administrazioaren baliabideak) arautzen duen legea.  v  Aurrekontuen lege orokorra. Administrazioa eta Finantza Publikoaren kontabilitatea (eskubideak eta betebeharrak, aurrekontuak, Zor Publikoa, Altxor Publikoa eta Kontabilitate Publikoa) arautzen duen legea.  v  Zientziazko legea. Bi gertaeraren edo gehiagoren artean dagoen harreman aldagaitza. (Adibidez, irakite legea: presio jakin batean isurkari guztiek irakin egiten dute tenperatura aldaketarik ez denean).  v  Jainko legea. Gizakiei Agerpen bidez jakinarazitako araua (adibidez, Moisesen legea edo Itun Zaharra).  v  Lege kimikoak. Kim. Elementu kimikoen arteko konbinazio ahalmenak eta erreakzioen ezaugarriak bideratzen dituzten oinarrizko printzipioen multzoa. Lege kimiko garrantzitsuenak hauek dira: 1) Masen arteko ekintzaren legea. Erreakzio kimiko homogeneo baten erreakzio lastertasuna erreakzio horretan parte hartzen duten gaien kontzentrazioaren araberakoa da. 2) Masaren kontserbazioaren legea. Lavoisier-ek proposatu zuen. Erreakzio kimikoetan erreakzionatzen duten gaien masa orokorra eta eratzen diren gai berrien masa orokorra berdinak dira, edozein izan dela ere gaien tasun kimikoetan gertatu den aldaketa. Horrela, 12 g karbono 32 g oxigenorekin erretzean 44 g karbono dioxido eratzen dira. 3) Proportzio mugatu edo konstanteen legea. Proust-ek formulatu zuen. Konposatu bat osatzen duten elementu kimikoak beti berdinak dira, eta elementu horien arteko masa proportzioa ere beti berdina da. Horrela, 71 g kloro (Cl) 16 g oxigenorekin (O) konbinatzen dira 87 g dikloro oxido (Cl2O) osatzeko; 17,2 g kloro 4 g oxigenorekin konbinatuko dira 21,2 g Cl2O osatzeko, 142 g kloro 32 g oxigenorekin 174 g Cl2O osatzeko etab. 4) Proportzio anizkoitzen legea. Bi elementu kimiko bi konposatu edo gehiago eratzeko batzen direnean (nitrogenoa eta oxigenoa adibidez 5 oxido desberdin eratzeko), elementu baten pisu zehatz batekin konbinatzen diren beste elementuen pisuak zenbaki oso txikien proportzioan daude. Adibidez, hidrogenoa eta oxigenoa 1:8 proportzioan elkartzen dira H2Oan eta 1:16 proportzioan H2O2an (ur oxigenatua). 5) Avogadroren legea. Presio eta tenperatura konstantean dauden gas desberdinen bolumen berdinek molekula kopuru bera dute. Edozein gasen 22,4 litrok 6,02 x 1023 molekula ditu.