Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Legazpi

Gipuzkoako udalerria (Goierri eskualdea). 1997ko datuen arabera, 9.134 biztanle ditu (legazpiarrak). Herriaren funtsezko jarduera industriala zen altzairugintzaren krisiak gogor jo zuen Legazpi, eta 1990eko hamarkadan biztanleen % 14 galdu zuen. Herriko industriaren birgaitzearekin batera, zerbitzuei lotu zaie Legazpi. Lenbur ekimenaren bidez kulturarekin eta turismoarekin zerikusia duten jarduerak bultzatu dira azken urteotan, Mirandaolako burdinolaren inguruan burdingintzari emandako parke bat eratuz, besteak beste. Hizkuntza banaketa 1996an: 4.994 euskaldun, 1.337 ia euskaldun eta 2.787 erdaldun. v  Historia. 1290. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Legazpiko herria. 1384. urtean Segurako herriarekin bat egin zuen, inguruetan zebiltzan lapurrei aurre egin ahal izateko. Bi herri hauek loturik egon ziren 1608. urtean Legazpiko herriak, Filipe III.aren eskutik, hiri gutuna jaso zuen arte. Hiribildua zen aldetik nahitaez bidali behar zuen ordezkari bat Gipuzkoako Batzarretara, baina garesti zenez Zeraingokoarekin hitzartu zen ordezkari bakarra bidaltzeko. Gisa honetan sortu zen Legazpiko Batasuna hermandadea. 1742. urtean Mutiloako herria ere batasun horretako kide egin zen, baina 1768an deuseztatu egin zen Legazpiko Batasuna. Mirandaolakoa izan bide da Legazpiko burdinola zaharrena, 1400. urtetik XIX. mendearen hasiera arte zabalik egon zena. Industriaren gainbehera dela eta, husten ari da, egun, Legazpi.