Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Leach, Edmund Ronald

Britainiar antropologoa (Sidmouth, 1910 - Cabridge, 1989). Ingeniaritza ikasi zuen eta Bronislaw Malinowskiren eta Alfred Reginald Radcliffe-Brownen ikasle izan zen. Cambridgeko King's Collegeko ikerketa zuzendari izan zen eta Stanfordeko Center for Advanced Studies in Behavioral Sciences erakundeko kide. Ezaguna izan zen bere lan etnografikoengatik eta Birmaniako katxiei buruzko lanengatik. Aurre egin zien beti ortodoxiei, funtzionalismoari edo estrukturalismoari batez ere. Bi lanek eta artikulu bilduma batek biltzen dituzte Leachen metodoaren oinarriak. Birmaniako goi lurretako sistema politikoak. Katxien gizarte egituren analisia (1954) lanean Leachek Radcliffe-Brown antropologoaren funtzionalismoa kritikatzen zuen. Bestalde, zalantzan jartzen zuen orekarako joera duen sistema ondo txertatu bat bezala hartzen duen gizartearen eredua, eta nabarmentzen zituen arau idealaren eta egite eraginkorren arteko dinamismoak, kontrakotasunak eta desberdintasunak. Pul Eliya. A Village in Ceylan. A Study of Land Tenure and Kinship (1961) lanean, berriz, ahaidetasun egitura esaten zaiona jabetzen harremanari buruz hitz egiteko modu bat ez dela dio Leachek, eta gizarte jokaerak egokitzapen ekologikoko fenomenoaren bidez azaltzen ditu; hortaz, antropologia estrukturalaren erabat kontrakoa da haren pentsamendua. Critique de l'anthropologie (1961) artikulu bilduman bide taxonomikoaren mugak azaltzen ditu. Nolanahi dela ere, eredu formalekiko zuen interesak, senitartetasunaren terminologietara egokitutako ereduekikoak batez ere, Lévi-Straussen estrukturalismora hurbiltzen dute. Leachek, bestalde, etengabe jarri zituen zalantzan senitartetasunaren, ezkontzaren edo errituen alorrean antropologiak oro har onartzen dituen oinarriak. Eragin handia izan du gaur egungo antropologian.