Leaburu-Gaztelu
Gipuzkoako erdialdeko udalerria (Tolosaldea). Mugak: iparraldean Ibarra eta Belauntza, ekialdean Orexa, mendebalean Alegia eta Ibarra, eta hegoaldean Lizartza. Garaiera, 298 m. 12,7 km2 eta 591 biztanle (leaburuarrak; gazteluarrak). Gaztelu, Leaburu eta Txarama auzoek osatua da. Araxes ibaia udalerriaren hego-mendebaletik igarotzen da. Euskara, gipuzkera; euskaldunak, % 98. Ekonomia jarduera nagusiak industria (eraikuntza, ehungintza) eta nekazaritza (bazkarako landareak, artoa, patata, barazkiak) dira. Dena dela langile gehienek Tolosa eta Ibarrako industrialdeetan lan egiten dute eta bigarren lanbide dituzte baserriko lanak. v Historia. Bi herrigune bereizi izan ziren arren historia berdintsua dute Leaburu eta Gazteluko herriek. 1374. urtetik 1845 arte Tolosaren mende egon ziren biak. 1965ean Leaburu eta Gazteluko herriek bat egin zuten udalerri bakarra osatzeko.