Layton, William
Estatubatuar antzerki zuzendari eta irakaslea (Kansas City, 1914 - Madril, 1995). New York eta Londresko antzokietan lan eginez trebatu zen antzezle modura. 1950eko hamarkadaren amaieran Espainiara iritsi zen Lorcaren ospeak erakarrita, eta Espainia eta Estatu Batuetako antzerkigintzak hurbiltzen saiatu zen, egile espainiarren nahiz Tennessee Williams edo Albeeren lanak ezagutaraziz. Espainiako antzerki eskola modernoek zituzten gabeziez jabetu zenean, bertan gelditu eta antzezpen irakasle gisa lan egitea erabaki zuen. Berari esker hasi ziren Espainiako antzezleak Stanislavski metodoaren bitartez trebakuntza sistematizatua jasotzen. Antzezle, zuzendari eta antzerkigileak hezitzeaz gainera, Espainiako antzerki moldea freskatu eta modernizatu zuten antzerki konpainiak ere sortu zituen. Talde hauekin antzezpen lan gogoangarriak egin zituen, Txekhoven Osaba Vania edota Albeeren Zooaren historia, esaterako. Por qué: trampolín del actor (Zergatik: antzezlearen tranpolina) liburuan adierazten duenez garrantzitsuena bilatzea da Laytonentzat, norberaren lana etengabe zalantzan jartzea, eta bilaketa zoragarri horrekin gozatzea. 1989an Arte Ederretako Domina jaso zuen, eta 1990ean Dédalo saria.