Lasarte Makulegi, Nekane
Gipuzkoar sopranoa. Donostian jaio zen. Donostian eta Parisen egin zituen musikako ikasketak. Berpizkundeko nahiz barroko aldiko musika landu du batez ere. 1949-1960. urte bitartean 250 emanaldi inguru eskaini zituen Etorki, Stella Maris eta Uso Txuri abesbatzekin. 1961-1965. urte bitartean, aldiz, Nadia Sauvageren Compagnie Grand Siècle taldearekin kantatu zuen (1.500 emanaldi). 1980. urteaz geroztik Espainiako eta Euskal Herriko orkestrak lagunduta kantatu izan du. Euskal Telebistan, Frantziakoan, Belgikakoan, Alemaniakoan eta Espainiakoan kantaldiak eskaini ditu. 80ko hamarkadaren azkenaldera, emanaldiak bertan behera utziz. Kantu irakasle da, baita oso gogoko dituen Erdi Aroko eta Berpizkundeko musikan aditua ere. Aro horietako musika lantzen duen Eresmin Abesbatza sortu zuen, hain zuzen, 1994an, eta horren zuzendari da. Adineko lagunez osatutako bi abesbatza ere zuzentzen ditu. Eresmin abesbatzarekin Lau Haizetara diskoa kaleratu zuen 2000. urtean, antzinako musikari eskainia.