Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

lapurtera

iz. Euskal dialektoa, Lapurdiko sartaldean, Zugarramurdin eta Urdazubin erabiltzen dena.  v  Bonaparte printzearen arabera, Lapurdi barruan, lapurteraz hitz egiten ez den bi zati daude: iparraldean, Hiriburutik Bardozera ekialdeko behe-nafarrera hitz egiten da, eta Milafranga-Ustaritze-Zuraidetik ekialdera, berriz, Hazparne-Lekhuihne-Lekhorneraino mendebaleko behe-nafarrera. Bonapartek 1881ean Baztango hizkera, Oronozkoa izan ezik, lapurteraren barruan sailkatu zuen. Baina gaur egun ez da halakotzat hartzen. Lapurditik kanpora, Zugarramurdin eta Urdazubin bakarrik hitz egiten da lapurteraz.  Lau hizkera mota nagusi bereiz daitezke gaur egungo lapurteran: Sarakoa (Sara, Ahetze, Senpere, Zugarramurdi, Urdazubi); Ainhoakoa; Donibane Lohizunekoa (Donibane, Azkaine, Bidarte, Biriatu, Ziburu, Getaria, Hendaia, Urruña), hiztun kopuru handiena duena; eta Arrangoitzekoa (Arrangoitze, Arbona, Basusarri). 23.000 lagun inguru mintzatzen da lapurteraz. Euskararen dialekto nagusietako bat da, eta literatura hizkuntza izan da XVI. mendetik aurrera. 1571n, Leizarragak Iesus Christ Gure launaren Testamentu Berria lapurtera oinarri hartuta itzuli bazuen ere, XVII. mendea izan zen lapurteraren urrezko aroa, Axularren eta Sarako eskolako idazleen inguruan (Materre, Etxeberri Ziburukoa, Haranburu, Argaiñarats, Gasteluzar, etab.). XVIII. mendetik aurrera, gipuzkerak eta bizkaierak indar hartu zutenetik aurrera, literatura emaitzen ardatza hegoaldera pasa zen, baina hala ere, idazle on ugarik idatzi zuen lapurteraz; Etxeberri Sarakoaren obrak eta Duvoisinen Bibliaren itzulpena horren lekuko dira. 1968an, euskara batua sortu zenean, gipuzkerarekin batera, lapurtera izan zen euskara batuaren oinarri.  v  Lapurtera klasikoa. Leizarragak, eta Sarako Eskolako idazleek, XVI. eta XVII. mendeetan, erabiltzen zuten literatura hizkuntza idatzia