Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

lanpara

iz. Argia ematen duen tresna edo gailua. || Hodi elektrikoa.  v  Historia. Antzinako lanparak olioz beteriko ontzi metxadunak ziren (argiontziak). Erdi Aroan, berriz, argizariz edo gantzez egindako kandelak erabili ziren batez ere. Hobekuntza txiki batzuk gorabehera, metxa albo batean beharrean erdian izatea, adibidez, era horretako lanparak erabili ziren mendeetan, harik eta 1784an, Aimé Argand suitzar fisikariak (1755-1803) airearen sarrera-irteera doitzeko sistema, beirazko hodia edo tximinia, eta metxa oihalezko zilindro huts baten gisa ehundua zituen lanpara asmatu zuen arte, gero Quinquet frantses botikariak (1745-1803) hobetu zuena (quinquet argiontzia). XIX. mendean zehar petrolioa erabiltzen hasi zen erregai gisa, eta mende bukaerarako gasezko (harrikatzaren gasa eta azetilenoa batez ere) lanparek argitzen zituzten hiri gehienetako kaleak. XIX. mendearen bukaeran Humphry Davy ingelesak arku voltaikoa eta Thomas A. Edison-ek (1847-1931) lehen lanpara elektrikoa asmatu zituzten; horretarako, Edison-ek, banbuzko harizpi kiskali bat sartu zuen airez hustua zen beirazko ontzi batean, eta korronte elektrikoa igaroarazi zuen harian zehar hura gori jartzeraino; hala, XX. mendeaz geroztik lanpara elektrikoa erabiltzen hasi zen.  v  Arku lanpara. Argia karbonozko bi elektrodoren arteko arku elektrikoak sortzen duena, lanparako elektrodo positiboa eta arkua inguratzen duten gasak, berotuak eta ionizatuak, goritzen direnean. Gaur egun, argitasun handia lortu nahi denean erabiltzen da, erreflektoreetan, argazki eta zinemagintzarako argietan eta diapositiba makinetan batez ere.  v  Deskarga elektrikoko lanpara. Barruan lurrun metalikoa edo gas geldoa duen beirazko ontzi itxia, muturretan dauden bi elektrodoen arteko deskarga elektrikoak igarotzen duenean argia ematen duena. Zein motatako gasez edo lurrunez betea dagoen, gai horren izena hartu ohi du lanparak (merkurioa, sodioa, neoia edo argoia).  v  Kuartzozko lanpara. Argi ultramorea ematen duen lanpara. Kuartzozko beira-ontzi gardena, eta elektrodoen arteko gai eroalea merkurio lurruna izan ohi du.  v  Lanpara elektrikoa. Korronte elektrikoa argi bihurtzen duen lanpara. Lanparak gasa edo metalezko harizpi bat izan dezake barruan, korronteak zeharkatuta argia ematen duena.  v  Lanpara fluoreszentea. ik. fluoreszente.  v  Lanpara halogenoa. Barruan, gasa ordez, iodoaren edo beste halogenoren baten lurruna duen lanpara. Ohiko lanparak baino argi gehiago ematen du lanpara halogenoak, eta iraun ere, gehiago irauten du.  v  Segurtasun lanpara. Leherketak izateko arriskua dagoen tokietan erabiltzen den lanpara. Garra beirazko hodi lodi baten barruan dago, sua kanpora dadin eragozten duen sare metaliko batek inguratua; hala gasa suak hartzen badu, ez da kanpora hedatzen. Segurtasun lanpara Humphry Davy ingelesak asmatu zuen 1815ean, ikatz meatzeetako grisu gas sukoiak eragiten zituen leherketak ekiditearren.