langabezia
iz. Lanik eza.
■ Ekon. Lan egiteko borondatea eta gaitasuna duen lan indarraren zati batek gogoz kontra jasaten duen lanik ezeko egoera. Lanik eza pairatzen duen lan indar osoaren ehuneko gisa neurtzen da langabezia, maizenik langabezia tasaren bidez: lanik ez duen biztanleria aktiboaren ehunekoa (lanean aritzeko adina izanik, lanean edo lan bila ari direnek osatzen dute biztanleria aktiboa). Beraz, langabezia aztertzerakoan kontuan izan beharreko faktore nagusietako bat da faktore demografikoa, izan ere jaiotza eta heriotza tasek, biztanleriaren bizi-itxaropenak, edota migrazio mugimenduek, eragin handia baitute langabeziaren bilakaeran. ■ Lan merkatuan parte hartzen duten alderdiak ekoizpen faktore garrantzitsua den lana eskaintzen duten langileak (lan eskaintza), eta faktore hori eskatzen duten enpresak (lan eskaria) dira. Langabezia, hortaz, lan merkatuan gertatzen den gehiegizko lan eskaintza da, edota lan eskariaren urritasuna. Langabeziaren sorkuntzari buruzko hainbat teoria garatu da ekonomian, eta, horren ondorioz, hainbat langabezia mota bereizten da langabezia sortzen duten faktoreen arabera. Hala, maizenik, lau langabezia mota desberdin, edo bestela esanda, langabeziaren lau kausa desberdin aipatu ohi dira: langabezia frikzionala, klasikoa, egiturazkoa edo teknologikoa, eta ziklikoa. Langabezia frikzionala lan bat utzi berria izanik, beste baten bila ari direnen egoerari loturikoa da; beraz, beti zor izango zaio faktore horri langabezia osoaren ehuneko txiki bat, beti izango baita estatistikak osatzerakoan lan bat utzi eta beste lan baten bila ari den langilerik. Langabezia klasikoa, berriz, soldata maila garaiegiekin dago lotua. Zenbait ekonomistarentzat (ekonomista klasiko eta neoklasikoentzat, hain zuzen), soldata garaiegiak dira, lan merkatuen gehiegizko zurruntasun, arauketa eta parte-hartzearekin batera, langabeziaren sorkuntzaren iturri nagusiak. Egiturazko langabezia ekonomiaren egituran izaten diren aldaketa sakonei loturikoa da. Aldaketa horien ondorioz, sektore batzuetan lanak gora egiten du, eta beste batzuetan, berriz, lan eza areagotu egiten da. Langabezia mota hau bi faktore nagusik sortzen dute: aldaketa teknologikoen ondorioz, zenbait sektoretan jarduera eta eginkizun jakin batzuk egiteko lan eskariaren murrizketak (“langabezia teknologikoa” gisa ezagutzen dena); eta bestetik, sektore jakin bateko produktu edo zerbitzuen eskariak bizi dezakeen beherakada handi edo erabatekoaren ondorioz, sektore horretan lanpostuak betirako galtzen direlako (besteak beste, teknologia berri batek produktu horiek zaharkiturik uzten dituelako, edo nazioarteko lehiakortasuna areagotzen delako sektore horretan, edo kontsumitzaileen gustuak aldatzen direlako). Langabezia ziklikoa ekonomia zikloetako atzeraldi edo ekonomia jardueraren beherakada fasearekin loturikoa da. Atzeraldian den ekonomian produktu eta zerbitzuen eskaria osoa ez da gai lan bila dabiltzan guztientzat lana sortzeko. Langabezia ziklikoari langabezia keynesianoa edo eskari agregatu urritasunekoa ere esaten zaio. ■ Langabeziari buruzko teoriak. Langabeziari buruz ikuspegi eta azalpen desberdinak eta elkarren kontrakoak daude ekonomia teorian. Laburbilduz, aipagarriak dira, besteak beste, teoria neoklasikoa, keynesianoa eta marxista. Teoria neoklasikoari jarraiki, lan merkatuaren lehia perfektua beste edozein merkatutakoa bezalakoa da. Teoria hori aldezten duten ekonomisten abiaburua da eskaintzak bere eskaria sortzen duela (Say-ren legea); horrenbestez, salgai guztiek eta lan guztiak zeinek eskatu aurkituko dutenez, denentzako enplegua izango da. Langabeziarik baldin badago, borondatezkoa edo noizean behingoa izango da (frikzionala), lan egin nahi duen orok lana aurkituko duenez gero. Teoria neoklasikoaren irudiko, soldata beste aldagai bat da, ez eskaintzaileek ez eskatzaileak eragin ezin diotena, eta merkatua aske badabil eta prezioak (soldatak) malguak badira, merkatuak berak ezabatuko ditu gehiegizko eskariak eta eskaintzak, inork (sektore publikoak) esku hartu gabe, eta lan eskaria eta eskaintza berdinduko dituen oreka prezioa lortuko da; horrela, bada, eredu honetan soldaten zurruntasunak sortzen du langabezia. Teoria honek aldezten du berezko langabezia tasa bat dagoela, merkatuen berezko mugikortasunaren ondoriozko lanik ezak, beste lan bat aurkitzeko behar den denborak eta bazterreko adoregabetuen taldeek sortzen dutena. Lan merkatuko desorekak lehia perfektuko baldintzak ez direnean edo prezioen bilakaeraren gaineko aurreikuspenak okerrak direnean sortu ohi dira. Horregatik, teoria honen ustez, soldata errealetan ahalik eta malgutasunik handiena eta lehia perfektuko baldintzak bermatuz, merkatuak berak joko du oreka egoerara eta, hortaz, langabezia txikitzera. Teoriak honek kritika ugari jaso ditu bere abiapuntuko hipotesiengatik. Izan ere, merkatua jotzen du berezko osagai bakartzat, eta ez merkatuan parte hartzen duten organizazio eta erakundeak, kaltegarriak direlakoan. Bestalde, merkatuaren hutsegiteak ez ditu kontuan hartzen. Teoria keynesianoarentzat ez dago arrazoirik, izan litezkeen ekonomiaren orekazko egoeretan ere, enplegua bete-betekoa izango litzatekeela aldez aurretik pentsatzeko. Keynesianoek, merkatua ez dela perfektua eta guztiz eraginkorra, hutsegiteak era badituela onartu ondoren, beharrezkoa ikusten dute merkatuan sektore publikoak esku hartzea, hutsegiteak zuzendu eta denontzako enplegua izatetik ahalik eta hurbilen izango den orekara heldu ahal izateko. Ekonomista hauentzat loturik daude lan merkatua eta ondasun eta zerbitzuen merkatua, eta, horregatik, eredu txertatu horretan aztertzen dituzte langabeziaren kausak eta konponbideak. Lan eskaria enpresen aurreikuspenen arabera mugatzen dela diote; hau da, enpresek merkatuan zenbat ondasun eta zerbitzu salduko duten aurreikusirik hartzen dituztela lan beharrei buruzko erabakiak. Ondoren, ondasun eta zerbitzuen merkatuan enpresek aurreikusitako eskaria eskari erreala baino txikiagoa bada, eta ondasun eta zerbitzuen eskaintza baino txikiagoa beraz, langabezia sortzen da, enpresek langile gutxiago kontratatuko baitute. Teoria honen arabera, beraz, lan eta ondasun eta zerbitzuen merkatuen, bien, gehiegizko eskaintza egoera da langabezia. Horiek horrela, eta langabezia inork bilatu gabe agertzen denez, keynesianoen ustez eskari agregatua sustatu behar da, langabezia eskari agregatuak berak eragin baitu, behera egitean. Hortaz, keynesianoek eskari agregatuaren osagaiak dinamizatzea proposatzen dute langabeziari aurre egiteko: inbertsioa, kontsumoa eta gastu publikoa. Hortik ondorioztatzen dute benetako soldatak ez direla jaitsi behar, aitzitik, igo egin behar direla, soldatak jaitsiz gero eskari agregatuak beheranzko joera hartzen baitu, kontsumitzaileen errentak ere behera egiten duenez. Langabeziaren gaineko teoria marxistak ekonomiaren egiturazko faktoreak aztertu ondoren, sistema kapitalista bera egiten du langabeziaren eragile. Marxisten iritziz, enplegu mailak mozkinei loturik daudelarik, merkatuek eta ekonomia politikak garrantzi handiagoa ematen diete mozkinei denentzako lana izateari baino. Kapitalismoan, oro har, inbertsioak baldintzatzen du enplegua, eta era berean, itxaroten den mozkinen tasak baldintzatzen du inbertsioa. Horrela, soldatak kontrolatu behar dira mozkinen tasa behera ez etortzeko. Langabezia da marxisten iritziz soldatak kontrolatzeko tresnetariko bat, zeren nahiz eta eskari agregatuari kalte egin, lanaren kostuak gutxitu eta langileen esplotazioa handitzeko bidea baita. Horregatik, marxistentzat, sistema kapitalistak berezkoa du langabezia, langile klasearen negoziatzeko ahalmena ahulduz, klasea bera bananduz eta gehiago esplotatuz, kapitala dutenei mozkin gehiago ateratzeko komeni zaie-eta.