Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

lamia

iz. Euskal folkloreko izakia, emakume itxura duena. Lamien ipuinak.  v  Lamia Greziako mitologian sorrera duen izaki alegiazkoa da, gizakiei laguntzen edo, inoiz ere, kalte egiten dion maitagarri-tzat har daitekeena. Euskal Herriko elezahar gehienen arabera, lamia oinen ordez erpeak edo ahate-oinak dituen emakume itxurako izakia da, ibai ertzetan edo kobazulotan bere adats luze horaila urrezko orrazi batekin orrazten aritzen dena. Haien edertasunak erakarrita, gizonak lamiez maitemintzen eta, inoiz, haiekin ezkontzen zirela ere aipatzen da elezahar askotan. Lamiek oso bizitza luzea zuten, eta elezahar batzuetan mila urte izateraino iristen dira. Nolanahi ere, lamiek tokian tokiko ezaugarriak izaten dituzte (bekokian begi bakarra, larru beltzarana, ilea, txanpon baten neurrikoa, garondoan baino ez izatea, etab.). Bestalde, lamiek, gau bakar batean zubiak eta eraikitzeko gaitasuna zuten. Lamien eragin gaiztotik begiratzeko errudaz eta apioz egindako kutunak erabili ohi ziren; beste batzuetan, aldiz, gauerdiko kanpai hotsak edo oilarraren lehen kukurrukuak entzun, edota egunsentiko lehen eguzki printzak ikusi ahala aienatzen ziren; hala ere, babesgarririk eraginkorrenak kristautasunaren ikurrak ziren (gurutzea eta argizari edo ur bedeinkatua). Lamiaren mitoa, beste antzinako mito asko bezala, kristautasuna errotu ahala desagertuz joan zen; haatik, lamia ez da erabat atzendu herriaren gogoan.