Lagerfeld, Karl
Alemaniar jostuna (Hanburgo, 1938). 1952an Parisera ikastera joan zen, eta 16 urte zituela lehen saria lortu zuen nazioarteko diseinu txapelketa batean, Ives Saint-Laurentekin berdindurik. Orduan ikasketak utzi eta Pierre Balmainen laguntzaile gisa hasi zen lanean; 1958an Jean Patou ospetsuaren estilista bilakatu zen, baina berehala hasi zen bere kasa lanean, besteak beste, Valentino, Chloé edota Erromako Fendi moda etxeetarako modeloak sortuz. 1983an Chanel etxekoek kontratatu zuten Coco sortzaile mitikoa hil zenetik gainbehera zetorren enpresa suspertu eta indarberritzeko. Lagerfelden eskutik Chanel enpresa pixkanaka indar hartzen hasi zen, laurogeiko hamarkada horretan moda frantsesaren euskarrietako bat bilakatu zen arte. Estilista lan horietatik kanpo, bere enpresa sortu eta KL izeneko lehen prêt-à-porter bilduma aurkeztu zuen 1984an. 1986an Frantziako goi-mailako joskintzaren saririk ospetsuena, Urrezko Titarea, lortu eta hurrengo urtean argazkilaritzan hasi zen, berak sortutako jantziei buruzko erreportajeak eginez. Goi mailako jantzi bildumak diseinatzeaz gainera, antzerki, opera eta zinemarako jantziak ere egin ditu.