Ladron kondea
(Ladron Enekoitz Gebarakoa ere deitua). Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kondea edo jauna 1124-1155. urteetan (Naxeran hila 1155. urtean). Alfontso I.a Iruñeko eta Aragoiko erregearen zerbitzuan egon zen hasieratik. Eneko Belakoa Baztango jaunaren semea eta Orbita Aznarez Gipuzkoazko bigarren jaunaren biloba zen. Ladron kondea Haroko etxeko kideak Gaztelako erregearekin harremanetan hasi zirenean nagusitu zen hiru euskal lurralde horietan. 1135ean Gartzea Ramirez izendatu zuten Iruñeko errege eta haren mende jarri zen Ladron kondea. 1136an preso hartu zuten gaztelarrek eta Gaztelako eta Iruñeko erresumen arteko gerra piztu zen. 1137an amaitu zen gerra eta Ladronek bere lurraldeetako jaun iraun zuen urte batzuez. Gartzea Ramirez hil ondoren (1150) Antso Jakitunaren alde jarraitu zuen, baina badirudi Gaztelako gortearen inguruan mugitu zela azken urteetan, gaztelarren esku zegoen Naxeran hil baitzen.