Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lacarra y de Miguel, José María

Nafar artxibozaina eta historiagilea (Lizarra, 1907 - Zaragoza, 1987). Nafarroako eta Aragoiko Erdi Aroko historian jakituna. Madrilgo unibertsitatean egin zituen historiako ikasketak eta 1930. urtean frogak gainditu ondoren Artxibozain, Bibliotekari eta Arkeologoen Elkartean sartu zen. Madrilgo giro intelektualean murgildu zen eta Claudio Sánchez-Albornoz historiagile eta politikari madrildarrarekin lan egin zuen. 1933-1934. urteak Parisen eman zituen Erdi Aroko gaiak aztertzen. 1940. urtean Erdi Aroko Historiako katedra lortu zuen Zaragozako unibertsitatean eta katedra hartako zuzendari izan zen erretiratu zen arte. Estudios Medievales de Zaragoza erakundearen sortzaile eta zuzendaria izan zen. Real Academia de la Historia-ko kide egin zuten 1977. urtean. Doctor honoris causa izendatu zuten Okzitaniako Tolosako unibertsitatean eta Euskal Herrikoan. Aragoi eta Nafarroako euskal toponimia, euskarari buruzko lehen dokumentazioak (XII-XIII. mendeak) eta Nafarroako historiari buruzko gaiak aztertu zituen. Obra asko argitaratu zituen, Nafarroako Erdi Aroko historiari buruzkoak batez ere.