Lacan, Jacques
Frantses psikiatra eta psikoanalista (Paris, 1901 - Paris, 1981). 1932an eman zuen argitara lehen psikoanalisi lana (La Psychose paranoïaque dans ses rapports avec la personnalité; Paranoia psikosia, nortasunarekiko harremanetan) eta bide berriak urratu zituen haurren psikosien azterketan. Ispiluaren fasea deitu zuena aztertu zuen; gorputzaren irudi osoak jokatzen duen papera eta irudi horrek gizakiaren nortasunaren osaketan duen garrantzia nabarmendu zituen bereziki: Le stade du miroir comme formateur de la fonction du “je” (1936, 1949, Ispiluaren fasea “ni”-aren funtzioaren antolatzaile gisa). Lacanen ustetan, hitzaren bidez sartzen da gizakia sujektuen arteko dialektikan, ez behar fisiologiko soil batek bultzatua, “bestearenganako desirak” hartaratuta baizik. Prozesu honetan, faloa (Gr. phallos, sexu arra) bihurtzen da desira horren helburu eta sinbolo nagusia. Psikoanalisiaren eta hizkuntzalaritzaren arteko zubia eginez, hizkuntza egiturak ikusi zituen inkontzientean eta metafora (arbuioa, zentsura) eta metonimia (desbideratzea, leku-aldaketa) kontzeptuen bidez adierazi zituen neurosiaren sintomak. Hala, Lacanen terapia analitikoak subjektuari falta zaion diskurtso zatia bilaraztea du helburu, “diskurtso ohartunaren jarraituak etenik izan ez dezan”. Lacanen estiloa oso itxia da eta psikoanalista askok kritikatu dituzte haren esanak. Lan gehienak Écrits (1966, Idazlanak) izeneko bilduman eman zituen argitara.