Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kuwait

(Izen ofiziala, Kuwaiteko Estatua; Arab., Dawlat al-Kuwayt). Persiako golkoko ipar-ekialdeko emirerria. 17.820 km2 (Persiako golkoko gerraren aurretik) eta 3.399.637 biztanle (2007ko estimazioa, kuwaitarrak). Mugak: mendebaldean eta iparraldean Irak, hegoaldean Saudi Arabia, ekialdean Persiako golkoa. Hiriburua: Kuwait. Hiri nagusiak: Ash-Salimiah, Hawalli, Al-Jahrah, Al-Farwaniah. Hizkuntza ofiziala: arabiera. Gizatalde nagusiak: kuwaitarrak (% 45), beste arabiar batzuk (% 35), asiarrak (% 9). Erlijio nagusiak: musulmanak % 85 (sunniak % 45, xiitak % 40), kristauak % 8. Dirua: Kuwaiteko dinarra.  v  Orografia eta hidrografia. Kuwaiteko lurraldea basamortu laua eta hareatsua da, itsasertzetik mendebalerantz pixkanaka igotzen dena Al-Sakaiaraino (290 m), Iraken eta Saudi Arabiaren arteko mugaraino. Kuwaiteko badiaren ipar-mendebalean Az-Zaur-eko maldak daude (145 m), eta hegoaldean portu natural bat eta hiriburua. Badiaren mendebalean Al-Jahrah oasia dago, eta itsasbazterrean eta hego-ekialdean lur sail gutxi batzuk daude; gainerakoa basamortua da.  v  Klima eta landaretza. Kuwaiteko klima basamortukoa da, beroa eta lehorra, alde handiak dituena udatik (apirila-urria) negura (azaroa-martxoa). Uda oso beroa da (44 °C) eta negua askoz samurragoa (16 °C). Oso euri gutxi egiten du (100 mm urtean), eta neguan bakarrik. Ekaina-uztailan harea ekaitzak izaten dira. Landareak oasietan baino ez dira. ■ Biztanleak. Kuwaiteko biztanle gehienak arabiarrak dira, baina horien artean kuwaitarrek % 40 inguru bakarrik hartzen dute; gainerako guztiak beste herrialde arabiar batzuetatik emigratuak dira, eta haiek osatzen dute biztanleria aktiboaren gehiengoa, estaturik gabeko arabiarrek; Palestina, Egipto, Irak, Siria eta Libanoko emigranteak hartu izan ditu Kuwaitek bere historian zehar. Golkoko gerraren ondoren palestinarrek Kuwaitetik ihes egin behar zuten, gerran Iraken alde agertu izanagatik, baina gerra garaian ihes egin zuten kuwaitarrak itzultzen ari dira pixkanaka. Gobernuak neurriak hartu zituen kanpotarren kopurua Kuwaiteko biztanleriaren erditik igo ez zedin, baina gaur egun biztanleen herenak baino ez dira kuwaitarrak. Kuwaiteko hizkuntza ofiziala arabiera da, baina ingelesa ere oso zabalduta dago. Demografia hazkundea nabarmena da; emakumeko 3,59 haur jaiotzen da urtean batez beste. Urbanizazio tasa oso handia da (% 96 ingurukoa). ■ Ekonomia. Kuwait herrialde txikia da eta ekonomia aski zabala du; munduko herrialderik aberatsenetakoa da. Petrolioa da jarduera nagusia, eta bertan dago munduko petrolio erreserba guztiaren % 10. Barne produktu gordinaren erdia hartzen du ia, esportaziotik ateratako irabazien % 90 eta gobernuaren diru sarreren % 75. Kuwaiten dago munduko gas naturalaren % 1 ere. Industria nagusiak petrolioarekin zerikusia duten jardueretan oinarrituak dira: petrolio findegiak dira industria aipagarrienak. Nekazaritza oso pobrea da, ez baitago lantzeko lur egokirik eta ureztatzeko ur aski (ura destilatu edo inportatu egin behar izaten dute). Arrantzatik ateratzen duten elikagaia kenduta, inportatu egin behar dute gainerako guztia. 1994-1997 bitarteko susperraldiaren ondoren, behera egin zuen ekonomiak 1998an, petrolioaren prezioen jaitsieraren eraginez. 1999an ekonomia eraberritzeko neurri sail bat onartu zuen Kuwaiteko gobernuak; neurri horien artean zegoen gizarte laguntzak murriztea, eta kontsumorako ondasun askoren gaineko zergak garestitzea. Petrolioari esker, munduko bizi maila handienetakoa du Kuwaitek, nahiz eta gerrak hondamendi handiak ekarri zizkion (bertako 1000 petrolio hobietatik 700 hobiri su eman zien Irakek) eta inbertsio handiak egin behar zituen gerraren kalteak konpondu eta herrialdea berreraikitzeko. 2003tik aurrera, petrolioaren prezioek gora egin izanari esker, berrindartu egin zen Kuwaiteko ekonomia, baina 2008ko finantza krisi orokorrak kalte larriak ekarri dizkio. ■ Gobernua eta gizartea. Kuwait monarkia konstituzionala da, Sabbah familiako emir baten gobernupean dago (Al-Ahmad al-Jaber Al Sabah, 1977az gero); emirrak herentziaz jasotzen du agintea, eta eskumen handia du, bai aginpide legegilean bai eragilean. Emirra da estatuburua eta berak aukeratzen du Lehen Ministroa, gobernuburua. Nazio biltzarrak du legegintzako aginpidea. ■ Alderdi politikoak Persiako golkoko gerraren ondoren legeztatu ziren. Dena dela, Kuwaiteko biztanleen bi herenek kuwaitar herritartasunik ez dutenez, ez dute legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa emateko eskubiderik. Gainerako herenetik, 2005era arte % 15ek bakarrik eman zezakeen botoa, kanpoan uzten baitzituzten emakumeak, militarrak eta Kuwaiteko hiritar gisa 30 urtetik beherako antzinatasuna zuten herritarrak. 2005ean onartu zen emakumezkoen sufragioa. ■ Hezkuntzan inbertsio handiak egin dira, eta Persiako golkoaren inguruan Kuwait da hezkuntza maila garaieneko biztanleria duen herrialdea. ■ Ekialde Erdikoko arazoak gorabehera, Kuwait oso lurralde segurua da eta munduko krimen tasarik txikienetakoa du.  v  Historia. Kuwaiteko badiako Failaka uhartean aurkitutako aztarnek Sumeriako eta Indo bailarako zibilizazioen garaiko zibilizazio goiztiar baten parte izan zela lurraldea frogatzen dute. Failaka uharteak harremanak izan zituen Mesopotamiako hiriekin eta Dilmun –gaurko Bahrein– merkataritzagunearekin, K.a. 1200 arte. Greziako kolonizatzaileak IV. mendearen bukaeran iritsi ziren uhartera eta Artemisa jainkosaren omenez tenplu bat eraiki zuten. Uhartea seleukotarren erreinuaren parte izan zen, eta erromatarren garaian behera egin zuen. K.o. VII. mendean musulmanek hartu zuten lurraldea eta Islama ezarri zuten. Kuwait hiria XVII. mendean sortu zen, eta 1756an Sabbah familiako Abh Rahimek erreinu autonomoa eratu zuen, eta bere burua jeke izendatu. 1776an persiarrek Basora (gaur egun Irak) hartu zutenean Indiaren eta Mediterraneo itsasoaren arteko merkataritzako bidea Kuwaitetik igaroarazi zutenean lurraldeak garrantzi handiagoa izan zuen. Kuwait otomandar inperioaren zergapeko izan zen, baina XIX. mendearen hasieratik aurrera gero eta handiagoa izan zen Britainia Handiaren eragina. XIX. mendearen bukaeran, Alemaniako gobernuak Berlin-Bagdad burdinbidea Kuwaiteko porturaino luzatzeko asmoa agertu zuenean, Kuwaitek europarren arreta erakarri zuen. 1897an Kuwaiteko Mubarak ibn Sabbah jekeak hitzarmen bat izenpetu zuen Britainia Handiarekin, diru laguntzaren eta gudarostearen babesaren truke, Kuwaitek lurraldea beste inori ez uzteko; hala Britainia Handiak babesa eman zion Kuwaiti Turkiak (1898 eta 1914), Saudi Arabiak (1919-1925), eta Irakek (1952) lurralde hura beretzen ahalegindu zirenean. 1914an Kuwait Britainia Handiaren protektoratu bihurtu zen. Irakekiko muga 1923an zehaztu zen. 1935ean aurkitu ziren lehen petrolio hobiak eta Ingalaterrako eta Estatu Batuetako konpainiak hobi haiek ustiatzen hasi ziren. 1961eko ekainean britainiar gobernuak Kuwaiten independentzia onartu zuen eta adiskidetasun hitzarmenak izenpetu zituzten bi estatuek. Estatu berriak arazo larriei aurre egin behar izan zien: batetik, Irakek Kuwait osoa beretzat eskatu zuen, eta Britainia Handiak gudarostea bidali zuen Kuwaiti laguntza emateko; bestetik, Saudi Arabiak Kuwaiten hegoaldeko eremu neutrala, 1922an sortua, eskatu zuen (auzia 1966an amaitu zen eremu hori bien artean ustiatzeko hitzarmena izenpetu zutenean). 1961eko uztailaren 20an Arabiako Ligak Kuwaiten independentzia onartu zuen, eta 1963. urteaz gero NBE-ko kidea da. Kuwaitek 1980an Iraki laguntza eman zion Iranen kontrako gerran; horren ondorioz Iranek Kuwaiteko petroliontziei eraso zien. Iran-Irak gerra amaitu zenean bere onera etorri zen Kuwaiteko egoera. 1990etik aurrera Irakekiko harremanak gaiztotu egin ziren Kuwaiten petrolioaren politika zela-eta; Iraken ustez Kuwaitek petrolioa lapurtzen zuen eta neurriz gaindiko ekoizpena zuenez, bere ekonomiari kalte egiten zion. Azkenik, abuztuaren 2an Irakeko gudarostea Kuwaiten sartu zen, eta milaka kuwaitarrek alde egin behar izan zuten. Nazio Batuek baimena eman zuten indarra erabiltzeko Iraken kontra (aurretik blokeo ekonomikoa ezarri zitzaion), eta Kuwaitek nazioarteko gudarostearen laguntza jaso zuen (Estatu Batuena bereziki). Gerra hartan Kuwait nagusitu zen, baina hildako asko eta hondamendi ekonomiko handia eragin zituen, Irakeko gudarosteak petrolio hobi askori su eman baitzion. Suteak hondamendi ekologiko izugarria eragin zuen. 1992rako suak itzali ziren, palestinarrak alde eginda zeuden eta Kuwaitek 16.500 milioi dolar zituen Estatu Batuen laguntzaren truke ordainduta. 1992an Estatu Batuetako osteek Kuwaitera jo zuten, berriro, mugetako segurtasuna zaintzeko; izan ere, Irakek ez zituen Nazio Batuen erabakiak errespetatu eta berriro erasoari ekingo ote zion beldurra zabaldu zen. Urte hartan bertan hauteskundeak egin ziren (emakumeek botoa emateko eskubiderik ez zuten artean) nazio biltzar berria osatzeko. Izan ere, urte batzuk lehenago, 1986an, emirrak nazio biltzarra desegitea erabaki zuen, baina harrezkero eraso larriak jasan zituenez islamiar fundamentalisten aldetik, eta haien eta oposizioko beste zenbait talderen presioak behartuta, hauteskundeak deitu behar izan zituen azkenean. Horrela lortuko zuen emirrak 1986 aurreko oreka egoera berreskuratzea: orekazko egoera horretan, emirrak du ahalmen gorena, eta oposizioak ez du zalantzan jartzen gailentasun hori. Hauteskundeetan oposizio laiko eta islamiarrak lortu zuen gehiengoa legebiltzarrean, nahiz eta oso zatituta zegoen, arazo politiko, ekonomiko eta erlijiosoak zirela eta. Azpimarratzekoa da emirra atzerritik itzuli zenean zapalkuntza gogorra bideratu zuela gerran Irakekin kolaboratu zutenen kontra eta palestinarren kontra, eta giza eskubideen kontrako erasoak gertatu zirela salatu zela hainbat erakundetatik. 1994an Irakeko gudarostea Kuwaiteko mugetara mugitu zen berriro, baina Estatu Batuek behartu zituzten atzera egitera eta urte hartan bertan, azkenik, bi herrialdeen arteko mugak eta Kuwaiten burujabetasuna onartu behar izan zuen Irakek. 1994an gobernu berria antolatu zen, eta liberalen aldeko zenbait berrikuntza egin ziren, integristen kaltetan. Gobernu haren ahalegin nagusiak ekonomia indartzera bideratu ziren. 1996ko hauteskundeetan gobernuari babesa eman zioten hautesleek. Gaur egun Jabir al-Ahmad al-Jabir al-Sabbah da Kuwaiteko emirra, eta Saad al-Abdallah al-Salim al-Sabah Lehen Ministroa. 1999an emirrak berriro desegin zuen nazio biltzarra, eta hauteskundeetan erabaki haren kontrako jarrera nabarmendu zen; liberalek oposizio islamiarrak baino lau aldiz ordezkaritza zabalagoa lortu zuen. 1998an petrolioaren prezioek behera egin zuten eta neurri zorrotzak hartu behar izan ziren galerak murrizteko (ekoizpena murriztea, etab.); 1999an LPEEko gainerako herrialdeetako buruzagiekin batera, petrolioaren ekoizpena murrizteko hitzarmen bat sinatu zuen Kuwaiteko emirrak.
http://www.da.gov.kw/