Kutxma, Leonid
Ukrainar politikaria (Txernigov, 1938). Nekazari familia batean hazi zen. Ingeniaritza mekanikoa ikasi zuen eta gero eskolak eman zituen Dniepropoetrovskeko Unibertsitatean. Baikonourreko (Kazakhstan) kosmodromoko zuzendari tekniko gisa lan egin zuen. Postu horretan 120 kohete nuklearren jaurtaldia gainbegiratu behar izan zuen eta horrek tiroidetako gaitza eragin zion. Denboraldi bat Kieveko erietxean igaro ondoren, 1986an munduko kontinenteareko kohete fabrika handienaren zuzendari izendatu zuten, Dnieporpoetrovsken, Ukraina erdian. 1992an Kravchuk lehendakariak Ukrainako Lehen Ministro kargurako hautagai izendatu zuen. Handik gutxira Lehen Ministro Vitold Fokinek dimisioa eman zuen, erreforma ekonomikoari ez ekiteaz salatzen zuten nazionalisten presioen ondorioz, eta Kuchmak hartu zuen haren kargua. Hala ere, lehendakariarekin zituen desadostasunak behartuta, 1993ko irailean dimisioa eman zuen. Pixka bat lehenago, Ukraina postsobietarraren lehenengo legebiltzarrerako hauteskundeetan diputatu hautatu zuten. 1994ko lehendakaritzarako hauteskunde aurreratuetan lehendakari hautatu zuten. Errusiarekin eta Sobiet Errepublika Sozialisten Batasuneko gainerako errepublikekin harremanak estutzearen aldekoa zen; aurreko lehendakariak, Kravchukek, egin ez zuen erreforma ekonomikoari ekin zion, eta 1994ko azaroaren 1ean prezioen liberalizazioa agindu zuen, eta hilaren 12an lurraren pribatizazioa aldarrikatu zuen. Abenduan Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Hitzarmena izenpetu zuen, eta hala, Ukrainak –munduko armategi nuklear handiena zuen herrialdea Estatu Batuen eta Errusiaren ondoren–, uko egin zion potentzia atomiko izateari.