Kühn, Dieter
Alemaniar idazlea (Kolonia, 1935). Filologia ikasketak egin zituen Munichen eta Bonnen. Irratirako gidoiak, saiakerak, kontakizunak, eleberriak, antzerki lanak, poesiak eta haurrentzako liburuak idatzi ditu. Sari asko jasotakoa da. Robert Musil idazleari buruz egin zuen doktore tesiak erabat baldintzatu zuen bere ondorengo produkzio literarioaren oinarrizko gaia: biografia, historiaren gorabeherak ezagutzeko bide bakar gisa. Bere lehen eleberrian, N (1970), Napoleon Bonaparteren biografia berregin zuen, gertaera historiko oro kasualitate hutsez gertatu delako itxura ematen dioten alternatibak agertzen dituen bitartean. Teknika bera erabiltzen du Die Präsidentin (1973, Emakume lehendakaria) eleberrian: Marthe Hanau burtsa artekari frantsesaren biografiaren bitartez finantza munduko mekanismoak deskribatzen ditu. Bere literatura produkzioari buruzko gogoeta Ich Wolkenstein (1977, Ni, Wolkenstein) liburuan dago bilduta, eta XIV. mendeko poeta Oswald von Wolkensteinen biografian oinarritzen da horretarako. Obra horrek jarraipena izan du Herr Neidhardt (1981, Neidhart jauna) eta Der Parzival des Wolfram von Eschenbach (1986,Wolfram vom Eschenbach-en Parzivala) lanetan. Beste lan aipagarri batzuk: Festspiel für Rothäute (1974, Gala funtzioa larrugorrientzat), Josephine (1976), Goldbergvariationen (1976, Urrezko mendiaren aldaerak), Der wilde Gesang der Kaiserin Elisabeth (1982, Elisabeth enperatrizaren kantu basa), Flaschenpost für Goethe (1985, Mezu bat botilan Goetherentzat), Beethoven und der schwarze Geiger (1990, Beethoven eta biolinista beltza).
- Kuei-Lin
- Kuei-Yang
- Kueto
- kufiko
- Kühn, August
- Kühn, Dieter
- Kuhn, Richard
- Kuhn, Thomas S
- kui
- kuia
- kuiatxo