Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kubismo

iz. Arte eskola, gauzakiak kuboen eta antzeko irudi bakunen bidez irudikatzen dituena.  v  Kubismoa Parisen sortu zen 1907 inguruan. Sorreran,  emozioen eta sensualitatearen adierazpidea helburutzat zuen aurreko artearen kontrako erreakzio intelektuala izan zen; hala, kubisten margolaritza sistema analitikoa zen, eta hiru dimentsiotako objektuak zatikatuak eta aldi berean ikuspegi desberdinetatik berriro definituak margotzen zituzten. Uko egiten zioten beraz artearen oinarrizko printzipio bati, arteak izadiari imitatu behar diolakoari alegia; eta kubistek beren artea izadian oinarritzen bazuten ere, ez ziren espazioa, forma, kolorea, berregiten saiatzen, aitzitik, errealitatea desitxuratua margotzen zuten. Kubismoaren lehen aldian (1907-1912), lanak, hala nola P. Picassorenak eta G. Braquerenak, adimenari zuzenduak ziren; aldi horri errealismo kontzeptuala deitu izan zaio, objektuak adimenak, ez begiak, antzematen dituen bezala ageri baitira margotuak. Hurrengo aldia sintetikoa deitu zen (1913-1920 gutxi gorabehera): margolanak forma gutxiagoz eta soilagoz osatuak ziren, koloreak biziagoak ziren, eta artista askok collage-aren trompe l’oeil efektua (ikuspuntuarekin jokatuz, erliebea duten objektu errealen ilusioa sortzen duen teknika) erabili zuten, Juan Grisek esate baterako. Beste margolari kubista garrantzizkoak Robert eta Sonia Delaunay, Roger de la Fresnaye, Albert Gleizes, Jean Metzinger, Marcel Duchamp eta Fernand Léger izan ziren. Afrikako maskaren eragina badu ere, Picassoren Demoiselles d’Avignon lanean (1907), kubismoaren oinarrizko ezaugarri asko ageri dira.  v  Kubismoa berez margolaritzako estiloa bada ere, eragin handia izan du XX. mendeko arkitekturan eta eskulturan. Eskultore kubisten artean Alexander Archipenko, Raymond Duchamp-Villon eta Jacques Lipchipitz dira aipatzekoak. Bestalde, Le Corbusier arkitektoak 1920-1930. urteetan egin zituen lanak ere kubismoaren estetikan oinarritzen dira.