Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kuaternarioa

Geol. Zenozoikoko aldirik berriena eta iraupen laburrenekoa (1,8-2,2 milioi urte). Bi garai hartzen ditu: Pleistozenoa edo Izotz Aroa eta Holozenoa edo gaurko garaia.  Gizakia aro honetan garatu zen, eta animalien kopurua murriztu zen. Pleistozenoko izotzak iparraldeko eremu handiak hartu zituen, eta glaziarrek mundu guztiko mendi haranak estali zituzten. Klimak gorabehera handiak izan zituen eta glaziazio nabarmenak gertatu ziren. Hala, izotzaren aurreratze eta atzeratze errepikatuen ondorioz plataforma kontinentalen ertzeko kanoiak moldatu ziren eta itsas maila 100 metro jaitsi zen. Lurreko zubiek lotu zituzten Alaska eta Siberia, Asia eta Indonesia, Ginea Berria eta Australia, Britainiar uharteak eta Europa. Lurpeko indarrek lanean dihardute gaur egun ere; lurrikarek, erupzioek, ozeanoetako hobiek eta mendi garaiek erakusten dute plaka litosferikoak non ari diren bereizten, elkar jotzen edo elkar bultzatzen.