kristautasun
iz. Kristaua denaren nolakotasuna. || Jesu Kristoren pertsona, bizitza eta irakaspenen gainean eratutako erlijioa, kristau erlijioa. v Kristautasuna erlijio monoteista da, Jainko guztiahaldun bakarrean sinesten duena, eta uste osoa du, orobat, Jesu Kristo Jainkoaren semea dela eta, zeruetatik jaitsita, gizon egin zela eta gurutzean hil zela gizadi guztia bekatutik salbatzeko. Jesu Kristoren bizitza eta irakaspenak dira kristautasunaren iturriak, eta lau Ebanjelioetan eta Testamentu Berriko Epistoletan jasota daude horren oinarriak; sinesmen horiei guztiei katolikoek Erromako Elizaren dogmak gehitzen dizkiete. Beste munduan Jainkoaren erreinua izango dela iragarri zuen Jesu Kristok. Haren irakaspenen arabera, fedea da hori erdiesteko bidea, fedea eta Jainkoa eta gizon guztiak maitatzea. v Kristautasunaren iturburuak eta eraginak. Juduen tradiziotik jaio zen kristautasuna, hala esaten baitzuen Jesu Kristok, profeten eta Moisesen dotrina betetzera bidali zuela Jainko Aitak lurrera; profeta haiek ez bezala, ordea, Jesu Kristok arraza eta leinu guztietako gizonentzat predikatzen zuen, berak mundu guztiko gizonei eskaintzen baitzien salbazioa eta ez judu herriari soilik. Kristautasunak Jainkoaz duen irudia, moralari ematen dion esanahia eta beste munduko biziaz duen ustea juduen erlijiotik, eta Bibliaren Testamentu Zaharretik bereziki, hartu ditu. Aldi berean, ordea, teologian eta antolaketan eragin handia jaso zuen antzinako Greziako kulturatik, Platonen filosofiatik batez ere. Islamarekin eta budismoarekin duen alde nagusia Jainkoarengana iristeko duen modua edo komunioa da; izan ere, Buda maisu baita budistentzat, Mahoma, berriz, profeta musulmanentzat, baina Jesu Kristo Jainkoaren semea da kristauentzat; harengan sinesten duenak Jainkoagan sinesten du.