Krimea
Ukrainako penintsula eta eskualdea. 26.000 km2 ditu, eta Perekop istmoak lotzen du kontinentearekin; hego eta mendebaletik Itsaso Beltzak eta ipar-ekialdetik Azov itsasoak inguratzen dute. Hiri nagusiak: Simferopol (eskualdeko hiriburua), Sebastopol, Kerch eta Yalta. Iparraldean estepa erdi elkorra da (garia, artoa eta kotoia egiten dira), eta hegoaldea, berriz, mendi-basoa. Itsaso Beltzaren tropikopeko ertza turismogunea da. Krimeako industria nagusiak altzairugintza, mekanika, kimika industria dira. v Hisoria. Antzina tauri izeneko zimeriar herri bat bizi zen Krimean. Eszitiarrek bota zituzten (K.a. VIII. mendea), eta K.a. V. mendean Bosforoko Zimeriar erreinua sortu zen. Greziarren eta erromatarren mende egon zen gero. K.o. III. mendetik XIII. mendera godoak, hunoak, kazarrak, kumanak eta mongolak ibili ziren lurralde haietan, eta XV. mendean erreinu tartaro burujabe bihurtu zen. 1783an Errusiak beretu zuen. Penintsula osoan liskarrak izan zen Krimeako Gerran (1853 - 1856), Errusiako Iraultzan eta bi Mundu Gerretan. v Krimeako gerra. Ingalaterra, Frantzia, otomandar inperio eta Piamonteren eta Errusiako inperioaren arteko gerra, 1853tik 1856ra bitarteko urteetan gertatu zena. Otomandar inperioan ziren kristau ortodoxoak babesteko aitzakiarekin Nikolas II.a tsarrak Danubioko otomandar inperioei eraso egiteko agindua eman zion Errusiako gudarosteari. Ingalaterra eta Frantzia turkiarren alde jarri ziren Errusiaren zabalkundea gelditzeko. Krimeako gerrako borroka nagusia Balaklavakoa izan zen, aliatuek galdua. Gerra Parisko hitzarmenarekin amaitu zen eta gerraren ondorioz ez zen muga aldaketarik izan.