Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kretazeoa

Geol. Mesozoiko edo bigarren aroko hirugarren eta azken aldia, jurasikoaren eta paleozoikoaren artekoa (144 - 65 milioi urte inguru). Izena hondo gutxiko itsasoetan eratu ziren kretazko gordailu handietatik dator.  v  Bi garai bereizten dira: goikoa eta behekoa. Goikoan, animalia talde asko bat-bateko desagertu ziren: narrasti handiak, ammoniteak, etab. Ornogabeetan garrantzitsuak dira zenbait foraminifero, lamelibrankioak, eta azken ammoniteak. Ornodunen artekoak dira anfibio urodeloak eta mesosaurioak, kretazikoan besterik agertzen ez direnak. Dinosaurioak bizirik zeuden artean, baita narrasti hegalari handiak ere (pterosaurioak). Hegaztiek hortzak bazituzten ere, gaurkoen antzekoak ziren. Lehenengo ugaztun karendunak agertu ziren aldi honetan. Landarediari dagokionez, angiospermak azkar garatu ziren. Pangea kontinente multzotik Laurasia (iparraldean) eta Gondwana (hegoaldea) bereizi ziren, eta hauek ere zatituz joan ziren. Kretazikoaren behe eta goiko mugetan uraren atzerakada gertatu zen, artean urak bere hedadurarik handiena iritsi zuen arren. Mendebaleko Europan itsasoa atzeratu egin zen eta Euskal Herriko ipar zati handi batek urpean iraun zuen; ordukoak dira bertako harri asko. Andeak eta Mendi Harritsuak orduan sortu ziren. Kretazikoan klima beroa edo epela izan zen nagusi. Aldi honetakoak dira, bestalde, egun ezagutzen diren petrolio erreserben % 60.