Kreta
Greziako hego-ekialdeko uhartea, Mediterraneoko ekialdean, Egeoaren hegoaldeko mugan. 8.336 km2 ditu, eta 537.183 biztanle (1991). Gaur egun turismogune ospetsua da. Laboreak, olibak eta laranjak lantzen dira batez ere, sail txikitan banaturik; abere hazkuntza da beste ekonomia jarduera nagusietako bat. Antzina Minos zibilizazioaren gune izan zen, eta arkeologia aurkikuntza guztiz baliotsuak egin dira bertan, Knossos antzinako hiriko jauregian nagusiki. Merkataritzaren aldetik indar handia izan bazuen ere, ez zuen esku-hartze handirik izan antzinako Greziako politikan. Erromatarrek hartu zuten (K.a. 87-67), eta gero turkiar otomandarrek (1669), baina matxinadek (1898) alde egitera behartu zituzten turkiarrak. Balkanetako gerren ondorioz bildu zen ofizialki Grezia modernora (1913).