Kosice
(Hungarieraz, Kassa; Al. Kaschau). Eslovakiako ekialdeko hiria eta Eslovakiako Ekialdeko herrialdeko hiriburua, Hornad ibaiaren ertzean. 227.601 biztanle. Garrantzi handiko komunikabidegunea da (aireportua, errepideak, burdinbidea). Apezpikutegia. Unibertsitatea. Nekazaritza eta, batez ere, industria (altzairugintza, eraikuntza mekanikoak, ehungintza, zementua, papergintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Eraikuntza zahar ugari dira Kosicen: St. Elizabeth katedral gotikoa (XIV. m.), Saint Michel kapera (XIV. m.), XIV. mendeko domingotarren eliza (XVIII. mendearen hasieran barroko moldean berritua), XV. mendeko Levoca jauregia eta hainbat eliza eta jauregi. v Historia. Sobietar gudarosteak Txekoslovakian askatu zuen lehen hiria izan zen Kosice (1945) eta Txekoslovakiako gobernuaren egoitza bihurtu zen handik gutxira. Han aldarrikatu zen, 1945. urteko apirilaren 5ean, Txekoslovakiako batasuna eta burujabetasuna.