Kortazar Uriarte, Jon
Bizkaitar idazle eta irakaslea (Mundaka, 1955). Euskal filologian doktore eta euskal literaturako katedraduna da EHUn. Bere ikerlanak XX. mendeko euskal literaturaren eta poesiaren ingurukoak dira, eta gai bertsua lantzen dute bere obra nagusiek: Teoría práctica poética de Esteban Urkiaga “Lauaxeta” (1986), Laberintoaren oroimena (1983), Luma eta lurra: euskal poesia 80ko hamarkadan (1987), Jose Maria Agirre, Xabier Lizardi (1896-1933) (1995), Juan Mari Lekuonaren olerkigintza (1997) eta Euskal literaturaren historia txikia (1997). Euskaltzaindiaren Mikel Zarate saiakera saria eskuratu zuen 1981ean. Euskal Herriko zein kanpoko hainbat literatura aldizkaritan eman ohi ditu argitara bere kritika lan eta artikuluak. Aipagarria da, bestalde, 1990ean argitara eman zuen Euskal Literatura XX mendean lana, hamarkada baten buruan hiru edizio izan dituena. Antologia honetan literaturgintzaren alor guztiak aurkeztu ditu, egileak eta haien lanak kronologikoki sailkatuta, eta bakoitza bere testuinguru historiko eta kulturalean kokatuta. Lan horren bigarren edizioa 1994an kaleratu zen, eta hirugarrena, berriz, 2000. urtean. Azken edizioan 1990. urtetik aurrera nabarmendu diren idazleak ere hartu ditu kontuan, eta bibliografia ere osatu du, antologia amaitutzat emanik.