Kortadi Olano, Edorta
Gipuzkoar arte irakasle eta kritikaria (Tolosa, 1946). Donostiako Apaizgaitegian ikasi zituen humanitateak, filosofia eta teologia (1958-1971), Irungo Maisutza Eskolan maisutza (1968), eta Bartzelonako Unibertsitate Zentralean filosofia eta letrak, artearen historia espezialitatean, (1971-1976). Diseinatzaile grafikoa eta publizista izanik, Euskal Kartelgintza eta Arte Grafikoak (1968-1976) mugimenduan hartu zuen parte. Haur literatura eta poesiari buruzko hainbat liburu diseinatu eta ilustratu zituen, eta haurrentzako poesia liburuak ere idatzi zituen (Donostiako Kantil poesia saria eskuratu zuen). 1968. urtetik aurrera irakaskuntza, arte kritika eta erakusketen antolakuntza tartekatu zituen, apaiz lana alde batera utzi gabe. 1978an Eusko Ikaskuntzako Arte saileko lehendakari izendatu zuten, eta 1982tik 1994ra erakunde horretako idazkari nagusia izan zen. Jose Migel Barandiaran Fundazioko idazkari nagusia ere izan zen 1979tik 1997 arte. Kaleratu dituen liburuen artean daude: Arte, artista, gizartea (1979), Gipuzkoako pintoreak (1939-1979) (1979), Arte Vasco-Euskal Artea (1979), Atlas de Euskal Herria. Euskal Herriko Atlasa (1982), Euskal Herria, realidad y proyecto (1985), Aranzazu, tradición y vanguardia. Arantzazu, tradizioa eta abanguardia (1993), Grafía vasca (1994) eta Juan Luis Goenaga (1969-1995) (1995), besteak beste.