Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kopenhage

(Danieraz, København). Danimarkako hiriburua eta portu garrantzitsua, Sjaellan-eko uhartearen ekialdeko itsaertzean, Amager uhartearen iparraldean, Øresund-eko itsasartean. 638.163 biztanle (1.365.760 biztanle ditu hirialdeak). Apezpikutegi katolikoa, unibertsitatea, aireportua. Industriagune garrantzitsua: ontzigintza, eraikuntza mekanikoak (Diesel motorrak), garagardogintza (Calsberg, Tuborg), ehungintza, industria kimikoa, janari industria, makineria elektrikoa, portzelanagintza eta zilargintza. Iharduera handiko portua da bestalde, eta 9,5 milioi tona sartu-irten ziren bertako portutik 1987. urtean. Øresund-eko itsasartean izaki, Eskandinaviaren, Europako Erdialdearen eta Mendebaleko Europaren arteko zubia da. XVII. mende aurretiko eraikuntza eta monumentu gutxi gorde dira; hiribide eta parke zabalek betetzen dituzte hiriko atal zabalak. Aipagarriak dira, besteak beste, Amager uharteko Christianshavn auzoa, gotorlekuez inguratua, XIX. mendearen bukaerako udaletxea, XVII. mendeko burtsa egoitza, Christianborg-eko gaztelua, itsasertzeko pasealekua (bertan dago Andersen-ek eginiko Itsas lamia txikiaren estatua ezaguna) eta Tivoliko jolas-parkea. Museo eta liburutegi ugari.  v  Historia. Herri arrantzale bat besterik ez zen Kopenhage XI. mendean. Absalon apezpikuak gaztelu-gotorleku bat eraiki zuen portua babestearren. Erregeen egoitza bihurtu zen hiria XV. mendean. XVI-XVII. mendeetan hiria gotortu zuten; biztanleek aurre egin behar izan zieten Suediako Karlos X.aren setioari (1658-1659) eta Ingalaterra, Holanda nahiz Suediako itsas armadei (1700). Eraso horien guztien ondorioz, hiriak kalte gutxi jasan bazituen ere, hondamen handiak izan zituen 1711-1712. urteetako izurritearen, 1728 nahiz 1795. urteetako suteen eta 1807. urteko ingelesen bonbardaketen ondorioz. XIX. mendean, industralizazioarekin batera, asko handitu zen hiria eta Ipar Europako portu, merkataritza eta industriagunerik garrantzitsuenetako bat bihurtu zen.