Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kontinente

iz. Lurrazaleko lur masa handietako bakoitza.  v  Kontinenteek Lurraren azalera osoaren ia heren bat hartzen dute, 146 milioi km2 gutxi gorabehera; lur masa horren bi herenak ipar hemisferioan daude. Sei kontinente bereizten dira: Asia, Amerika, Afrika, Europa, Ozeania eta Antartika. Aditu batzuen arabera Asiak eta Europak Eurasia kontinente bakarra osatzen dute. Dirudienez, gaur egungo kontinenteak, urpetik azaleratu eta zatitutako Pangea kontinente bakarraren atalak dira.  v  Kontinentearen ezponda. Kontinentearen urpeko ordoki edo zolaren eta itsas hondoaren artean dagoen ezponda, arroilek gurutzatzen dutena.  v  Kontinenteen higidura. Alfred Wegener-ek kontinenteak higitzen direla eta garai batean kontinente bakar baten parte zirela frogatzeko erabili zuen hipotesia. Kontinenteen ertzetako sartu-irtenak aztertuta, kontinenteak “puzzle” baten zatiak zirela ohartu zen; gero, bere teoria indartzen zuten beste froga batzuk aurkitu ziren: fosilak eta geologia egitura berdinak kontinente desberdinetan. Wegener-en ustez gaur egungo kontinenteak zatitutako bi kontinente handiagoren (Gondwana eta Laurasia) parte ziren; era berean bi kontinente handi horiek, Mesozoiko Aroa baino lehen, bat eginda zeuden Pangea izeneko kontinentean; orduan zegoen ozeano bakarrari Panthalasa deitu zion. Gaur egun, teoria horren ordez, beste landuago bat erabiltzen da, Plaken tektonika deritzana.  v  Kontinentearen urpeko ordokia edo zola. Kontinenteak urpean duen partea; 200 m sakon izaten da gehienez, eta kontinentearen ezpondak mugatzen du. Toki batzuetan oso zabala da (560 km Argentinan), eta beste batzuetan ia ez dago (Txilen, adibidez).