Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

konklabe

iz. Aita santua aukeratzeko kardinalak biltzen diren lekua. || Bilera hori bera.  v  Konklabea egiteko lehenengo arauak Gregorio X.ak ezarri zituen Lyongo II. Kontzilioan (1274). Haren aurreko Aita Santua, Klemente IV.a, hil ondoren, kardinalak Viterbon bildurik ez ziren ados jartzen erabaki bat hartzeko, eta eztabaidak 1268ko azaroaren 29tik 1271ko irailaren 1era iraun zuen. Hiriko agintariek jauregi batean giltzaperatu zituzten harik eta Aita Santu berria aukeratu zuten arte. Gaur egun hauek dira konklabearean arau nagusiak: Aita Santua hil eta handik gehienez hemezortzi egunera hasi behar du konklabeak; kardinalek bakarrik har dezakete parte bozketan; konklabea hasten den egunean kardinalak giltzapetuta geratzen dira, haiekin batera idazkaritza lanak egingo dituzten apaizak eta kardinal bakoitzeko bi zerbitzari dituztela; bilkura Vatikanoko jauregian egiten da; antzinako legeen arabera kardinalen jatekoa egunak pasa ahala gero eta urriagoa zen; hautaketa egiteko kardinalak egunean bi aldiz biltzen dira Sixtina kaperan, Pio XII.aren garaiaz geroztik, botoen bi herenak gehi bat behar dira Aita Santua hautatzeko. Bozketa bakoitza bukatutakoan botoak erre egiten dira; Aita Santu berria aukeratu baldin badute, ke zuria ateratzen da, bestela beltza.