Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kokaina

iz. Koka landarearen orrietatik ateratzen den gaia, ahalmen pizgarriak dituena.  v  Erythroxylum coca landarearen orrietatik ateratzen den kristal egiturako alkaloidea (C17H21NO4). Gorputzaren atal bateko anestesiko gisa erabili izan da baina baztertu egin da arriskutsua zelako. Gaur egun, kokaina droga pizgarri gisa hartzen da zainetatik eta gehienbat sudurretik: hizketarako gogoa pizten du, psikismoa eta adimen-ahalmenak kitzikatzen ditu, eta nekearen sentsazioa gutxitzen du. Hordialdiaren ondorengo berehalako etsialdiak beste kokaina dosi bat hartzeko premia dakar; pixkanaka-pixkanaka gorputza dosi handiagoetara ohitzen da eta kokainarekiko mendekotasuna sortzen da luzarora. Kokainak, gainera, bihotz taupadak azkartzen ditu, hipertentsioa eragiten du maiz, eta begi-ninia handitzen. Luzaroan dosi handiak hartuz gero dardara, koordinaziorik eza, depresioa, larridura, lo egiteko arazoak, neke kronikoa, paranoia eragin ditzake, eta batzuetan baita heriotza ere. 1980etik aurrera kokainatik sortutako beste gai bat agertu da, crack izenekoa, batez ere Estatu Batuetan zabaldu dena; cracka erre egiten da, berehala euforia handia sortzen du eta eraginak oso gutxi irauten du; horregatik mendekotasun handia sortzen du oso epe laburrean.