Kok, Wim
Holandar politikaria (Bergambacht, 1938). Ikasketak bukatuta, 1961ean, Eraikuntzako Sindikatuen Holandar Federazioaren nazioarteko bulegoan sartu zen. 1965ean Ekonomia Arazoetako sailean hasi zen lanean, eta 1967an idazkari hautatu zuten. Bi urte geroago, Sindikatuen Holandar Federazioaren idazkaritza eskaini zioten, eta erakunde horretako lehendakari izan zen 1973-1985 bitartean. Sindikatuen Holandar Federazioak eta Sindikatu Katolikoen Holandar Federazioak bat egin zutenean ere erakunde berriko lehendakari izan zen. 1986an Herbeeretako Legebiltzarrean aulkia lortu zuen. 1989an Lehen Ministroak, Ruud Lubbers demokrata-kristauak, Finantza ministro eta Lehen Ministrorde izendatu zuen. Urte horretan bertan Internazional Sozialistaren lehendakari hautatu zuten. 1991n Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundearen (OCDE) batzorde burua izan zen, eta Europar Batasuneko ekonomia eta finantza ministro batzordeko lehendakari. 1994ko hauteskunde orokorretan Wim Kok izan zen boto gehien jasotako hautagaia, eta negoziazio luzeen ondoren, Beatriz erreginak hiru alderdiko koalizio gobernu sozialdemokrata-liberala osatzeko agindu zion.